Ostalaritza eta turismo sektorerako laguntzak hizpide gaurko udalbatzan
Udal Gobernu Taldeak 105.000 euroko partida proposatu du. Berdeak taldeak aurkeztu dituen zuzenketen berri eman du. Sozialistek alde bozkatuko dutela aurreratu dute
Martxoko udalbatza egingo du gaur Legazpiko Udalak, 19:00etan. Bilera telematikoa izango da. Gai zerrendan, kreditu aldaketa batzuk, lanpostuen zerrenda aldatzea, herriko ostalaritza eta turismo sektoreari zuzendutako diru laguntzak eta Enbak otsoari buruz aurkeztutako mozioa jaso dira.
Ostalaritzarako eta turismorako diru laguntzen inguruan Berdeak taldeak aurkeztu dituen zuzenketen berri emanez ohar bat kaleratu du, eta beste batean, PSE-EEk laguntzen alde bozkatuko duela aurreratu du.
Berdeen zuzenketak
Berdeak taldea «pozik» agertu da EAJk diru laguntzak martxan jarri dituelako, «baina berandu datozela» uste du, eta «hobetzeko tartea» dagoenez, hainbat zuzenketa aurkeztu ditu.
Berdeak taldearen arabera, oinarrietan alokairua, energia, Internet edo publizitatea bezalako gastuak bakarrik aurreikusten dira laguntzetarako, eta negozio bakoitzeko gehienez 3.000 euroko laguntza emango dela ezartzen da. Hondakinen tasa ere gehitzea eskatu dute eta plantilaren tamaina kontuan hartzea ere bai, «diru laguntza hauen progresibotasuna erraztuko luke». Generoa ere aintzat hartzea eskatu dute, eta horrela «emakumeen esku dauden negozioak sarituko genituzke». Zuzenketa horiek negozioko gehienezko diru laguntza 4.400 eurora igotzea eskatuko luke, eta ondorioz, «partida 125.000 eurora igotzea proposatzen dugu, EAJk proposatutako 105.000 euroen ordez».
Bestetik, osasun krisiak kaltetu dituen beste sektore batzuentzat ere «antzeko diru laguntzak» abian jartzeko eskatu diote Gobernu Taldeari: saltoki txikientzat, zerbitzuentzat, kulturarentzat eta kirolarentzat. «Pertsona asko izugarri sufritzen ari dira beren jarduera garatzeko, aurrera egiteko eta lanpostuei eusteko».
Sozialisten aldeko botoa
Oscar Valbuena zinegotzi sozialistak diru laguntzen alde bozkatuko duela aurreratu du, «garrantzitsua delako Legazpiko ostalaritza aurrera ateratzen la- gunduko duen erreskate plan bat bultzatzea». Ostalaritza laguntzeak beste sektore batzuetan ere eragina izango duela dio, «inbertituko den diru horrek eragin biderkatzailea izango du». Aldi berean, «dezepzioa» agertu du ostalaritzak bizi duen larrialdi egoerak eskatzen duen bezain arina ez delako izango laguntzen tramitazioa.
Bestetik, diru laguntzen 105.000 euroak 2020ko milioi bat euroko soberakinetik hartua direla azaldu du, eta milioi hori gizarte zerbitzuetarako, herriko ekonomia bultzatzeko eta auzoetako hobekuntzarekin jarraitzeko erabili beharko litzatekeela dio, «sozialisten proposamenari jarraituz» aurtengo aurre- kontuetan sartu diren Urtatza-Laubideko irisgarritasuna eta Itxaropeneko iskailerak hobetzeko eta Bikuña-eneako plaza berritzeko.