Baheketak eragindako «haserrearekin» bat egin du Ataungo Udalak
Ataungo hiru tabernak ezinegona eta haserrea azaldu dute, lehengo astean Osasun Sailak herrian egindako COVID-19a atzemateko baheketan markatuak izan zirela ulertuta. Ataungo Udalak ere bat egin du Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernen jabeen haserrearekin, eta elkartasuna adierazi zien, atzo.
Ataungo ostalariek arauak «ondo eta zorrotz» betetzen dituztela ziurtatu du udalak. «Baheketaren emaitzak agerian utzi du hori». Hiru tabernetan izandako lagunen artean 655 PCR proba eginda, positibo bat atera da baheketan. «Ostalariek ez zuten era horretako kanpaina mediatikorik merezi», dio udalak.
Osasun Sailari ere eskari zuzena egin dio: «Halako deialdi bat abian jarri behar izango balitz, ezer argitaratu aurretik, udalari eta kaltetutako ostalariei jakinarazi beharko lizkieke zergatiak eta xehetasun guztiak, oso gogorra baita horren berri prentsatik jasotzea, eta etengabe herriaren eta herriko tabernen izenak entzun eta irakurri behar izatea».
Emaitzak ere argitaratu
Bestetik, baheketa egin behar dela zabaltzeko ematen zaion oihartzun bera, atera den emaitza jakinarazteko ere erabiltzeko eskatu dio udalak jaurlaritzari. «Logikoa eta bidezkoa iruditzen zaigu emaitzen berri emateko beste prentsa-ohar bat kaleratzea. Prestatzen ari zirela esan ziguten joan zen ostegunean, baina oraindik [atzo] ez dute argitaratu, eta honezkero ez dute argitaratuko».
Halakoetarako prozedura berrikusteko eta eskari horiek kontuan hartzeko eskatu dio Ataungo Udalak Osasun Sailari.
Lazkaoko datuak
Ataunen salatu dutena begi bistan geratu da Lazkaon ere. Ostegunean eta ostiralean baheketa orokorra egin zuten 19-59 urte arteko herritarren artean. Denera 1.422k egin dute, deitutakoen %44k. Osasun sailaren datuen arabera, 6 positibo atzeman dituzte. Udalak eskerrak eman nahi dizkie froga egindakoei.













