EH Bilduren eta Ordizia Orainen botoekin onartu dute udal aurrekontua
Ordiziako Udalbatzak 13.771.834,90 euroko aurrekontua onartu du 2021 urterako. «Aurrekontu estua» izango da aurtengoa, inbertsio handirik aurreikusten ez duena.
Ordiziako udalbatzak onartu du 2021 urterako aurrekontua, EH Bilduren (7) eta Ordizia Orainen botoekin (2). EAJk (7) eta PSE-EEk (1) kontra bozkatu zuten. Udalak ekitaldi honetarako 13.771.834,90 euro izango ditu eta 911.094,21 euro inbertsioetara bideratuko dituzte.
Adur Ezenarro alkateak iragan ostegunean egin zen osoko bilkuran nabarmendu zuen, COVID-19ak «isla zuzena» izan duela urte honetarako aurrekontuetan. «Urtero zaila bada sarrera arruntekin gastu arrunt guztiei erantzun ondoren inbertsioak egin ahal izatea, aurtengoan are eta zailagoa izango da». Horregatik, «aurrekontu estua» dela «egoerak hala baldintzatuta». Hala, lehentasunak finkatu dituzte, eta 2021erako aurrekontuaren helburu garrantzitsuena izango da «ordiziarrentzat zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea, batez ere, osasun krisi honek kalterik gehien eragin dien kolektibo zaurgarrienei laguntzeko».
Diru sarrerak
Diru sarrerei dagokienez, 2021erako 6.941.855 euro aurreikusi dira Ordiziari dagokion Foru Funtserako, 2020an baino 351.173 euro gehiago, baina oraindik ere COVID-19a baino lehenagoko 7.332.253,55 eurotako aurrikuspen haietatik urrun.
Foru Funtsaz harago, hainbat diru-laguntza edo tranferentzia aurrikusten dira administrazio eta erakunde desberdinetatik, nagusiki Eusko Jaurlaritzatik eta Foru Aldunditik, udalaren programa ezberdinetako gastu arruntetan laguntzeko, eta inbertsioetan laguntzeko.
Gainerako sarreretan ere eragina izan du COVID-19ak, alde batetik, ordenantza fiskalak izoztu direlako, eta 2021ean egoerak iraun bitartean, hala mantenduko dira hobariak.
Bestalde, gehitu behar dira, ondareak ematen dituen etekinak, mailegu lerroa eta txertaketak.
Inbertsioak
2021erako aurrekontuak bost ardatz nagusi izango ditu. Lehen ardatza, kalitatezko zerbitzu publikoak indartu, modernizatu eta indartzea izango da. Horren baitan, udal antolamenduak aldaketa sakona izango du. Hobekuntzak egingo dituzte herritarren arretan, hirigintzan, zerbitzuetan eta idazkaritzan. Gainera, udal langileen esparruan giza baliabideen arduradunaren postua sortuko da, egiteko geratu diren prozesuak abian jartzeaz gain, etorkizuneko erronkei aurre egingo dion plangintza burutzeko. Ongizate sailean ere langile bat gehiago kontratatuko da, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiteko errefortzu moduan. Atal honetan ere, udal langileen igoera aurreikusi dute, % 0,9koa izango dena.
Zerbitzu publikoei dagokienez, udal artxiboaren birkokapena dago. Lekuz mugitzean, anbulatorioa handituko dute. Horretarako 140.000 euro inguru bideratuko dituzte. Atal honetan ere, gizarte zerbitzuei dagokion partida dago, 1.249.764,16 eurokoa: etxez etxeko laguntzetarako; eguneko zentrorako; gizarte larrialdirako laguntzak; droga mendekotasuna; eta larrialdiko etxea.
Alokairurako diru laguntzetarako 40.000 euro aurreikusten dituzte.
Bigarren ardatza, Hirigintza, irisgarritasuna eta mugikortasuna da. Horren baitan, hainbat inbertsio egingo dituzte: Mugikortasun plana eguneratu (30.000 euro); irisgarritasun plana eta proiektuak (130.000 euro); Altamirako igogailuaren proiektuaren idazketa lizitatzea (60.000 euro); Barrenako igogailuaren proiektua (9.000 euro) eta Jakeseko igogailuaren proiektua (9.000 euro); Dorrearen egituraren egonkortasun lanen eta igogailuaren proiektua (18.000 euro); Plan Orokorraren idazketa; eta kaleetako konponketak (120.000 euro).
Hirugarren ardatza, Trantsizio energetikorako prestakuntza izango da. Horren baitan, ingurumen proiektuetan 106.114,04 euro gastatzea aurreikusten dute, Agenda 2030aren berrikuspenerako, baratze parkeko etxolak berritzeko eta ibaia babesteko, besteak beste. Gainera, argiteria publikoan, eraginkortasun energetikoa lortzeko ekintzak burutuko dituzte, argiak LED sistemara aldatuz (37.500 euro), beste gauza batzuen artean. Eta Urdaneta eskola eraberritzeko proiektua ere atal honetan sartuko da. 120.000 euro bideratuko dituzte horretarako.
Laugarren ardatza, Kultura eta aniztasunaren Ordizia hezitzaile euskalduna da. Hezkuntza mahaiaren eta hiri hezitzailearen partaidetza prozesuekin jarraituko da (30.613 euro), Harrera Plana egingo dute (39.420 euro), Kulturlab prozesuarekin jarraitu (18.000 euro), kultur programazioari eutsiko zaio (131.800 euro), herriko taldeei laguntzak (121.000 euro), jabekuntza eskolarekin jarraituko da (30.000 euro), berdintasuneko programa ezberdinak mantendu (32.700 euro), eta beste hainbat proiektu.
Bosgarren eta azken ardatza, COVID-19aren ondorioak deitu dutena izango da. Horren baitan ekitaldiak segurtasunez antolatzeko partida jaso da, azokarako (49.511 euro) eta urte guztiko ikuskizunetarako (26.073 euro). Babes zibilean 18.000 euro eta lehen mailako gizarte laguntzetan 10.000 euro. Horrez gain, kreditu globaleko partidan 179.181 euro gorde dira, batez ere COVID-19agatik egon litezkeen ezustekoetarako. Merkataritza ere sustatuko da (47.350 euro), eta baita enplegua ere, proiektu desberdinen bidez.
Azkenik, Goiekiren kapital handitzearen bigarren zatia ordainduko dute aurten. 11.632 eurokoa da kopurua.