Txuri-urdin zein zuri-gorriak prest
Apirilaren 3an jokatuko dute Real Sociedadek eta Athletic Clubek 19-20 denboraldiko Errege Kopako finala. Donostiako taldearen zein Bilboko taldearen jarraitzaileak daude Goierrin ere.
Apirilaren 3an Espainiako gizonezko futbol Errege Kopako finala jokatuko dute bi talde euskaldunek: Realak eta Athleticek. Realeko Aritz Elustondo beasaindarra eta Atlheticeko Mikel Balentziaga eta Dani Garcia zumarragarrak Sevillako zelaian lehiatuko dira, larunbat gauean.
Goierrin ere nabari da finala gertu dagoela, banderekin apaindu baitituzte herritar askok leihoak. Errealeko autobusa joan den astean Gipuzkoan barrena ibili zen herriz herri, udalerrietako banderak jaso eta Errealekoak banatzen. Idiazabalen, Seguran, Mutiloan, Beasainen, Ordizian… hainbat herritan egin zieten klubeko ordezkariei harrera. Gertutasunagatik Goierrin Realaren zalegoa nabarmenagoa izan daitekeen arren, Athleticek ere baditu jarraitzaileak bailaran. Seguran, bi taldetako peñak dituzte: Realzaleen Txanbolinpe peña eta Athleticzaleen Zorroztarri peña.
Emaitza nolanahikoa izanda ere, euskal talde bat aterako da garaile. Nahiz eta egoera berezia den eta ospatzerik ez duten izango, gogotsu ikusiko dute partidua etxetik peñetako kideek. «Aurten ezin da, bestela kalean egingo genuke», azaldu du Rafa Imaz Zorroztarriko kideak. 2012an sortu zuten Athleticeko peña Seguran, eta 2014an egin zuten inaugurazioa, Athleticeko hainbat jokalarirekin bazkaria eginda. Susaeta, Balenziaga, Argoitia eta Iribar gonbidatu zituzten. Halere, taldea sortu aurretik ere Seguran athleticzale asko izan dira: «Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zutenean, 1983an izan zen, frontoi zaharrean argazki bat atera genuen eta argazkia Naparra tabernan egon zen jarrita urte askotan». Gaur egun 138 lagun dira, horietatik 102 segurarrak eta gainontzekoak inguruko herrietakoak. Urtean behin autobus bat hartu eta San Mamesera partidu bat ikustera joateko ohitura dute.
Txanbolinpe peña, berriz, 1997an sortu zutela azaldu du Eustakio Telleria kideak: «Erreala ikustera jendea joaten zela eta, peña egitea pentsatu genuen, eta horrela dozena erdi bat lagun elkartu ginen». 140 lagun inguru dira taldean egun. 2006an Errealeko gizonezkoen lehenengo taldea Segurara eramatea lortu zuten peñako kideek. Kopako finalerako animoak eman dizkiete Errealeko entrenatzaileari eta jokalariei, Txanbolinpe peñaren Youtube kanalean argitaratutako bideo baten bitartez.
Hamabost egun gehiago
Leiho eta balkoiak apaindu dituzte goierritar askok banderekin. Athleticzaleen banderek, dena den, hamabost egunez jarraituko dute, bigarren final bat geratzen baitzaie. Errealaren aurkako partida 19-20 denboraldiko kopako finala izango da, baina apirilaren 17an, Athleticek 20-21eko kopako finala jokatuko du Bartzelonaren aurka.