Aberri egun bateraturako deia
Euskal Herria Batera taldeak nazio osoan eta batera ospatzeko eskatu die alderdiei eta herritarrei Aberri Eguna. Ekitaldiak izango dira herrietan, eta etxeetan ikurrinak
Euskal Herri osoan Aberri eguna batasunean ospatzeko ekitaldi bakanetako bat Euskal Herria Batera ekimenak antolatu du, iganderako. Zazpi herrialdeetan Euskal Herri burujabea aldarrikatzea izango da helburua. Iaz ere bateratasuna bultzatu zuten, etxeko itxialdian orduan.
«Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko; lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko», dio Euskal Herria Bateraren adierazpenak.
Bateratze horri «keinu bat» egingo diote aurten, eta herrietan ekitaldiak antolatu dituzte, Keinu bat batera leloarekin. Etxeetan, berriz, ikurrina eta nafar bandera jartzeko eskatu dute.
Hainbat sustengu jaso ditu Aberri egun bateratuaren ekimenak. Ataunen, adibidez, udaleko EH Bilduk eta EAJk, biek bat egin dute deialdiarekin.
Norbanakoek ere atxikimendua adierazi diote. Goierriren kasuan, Angel Oiarbide idiazabaldarrak (Gure Eskuko bozemaile izana), Garazi Hach Embarek irakasle eta saharar kausaren eragile ormaiztegiarrak, Mikel Irizar ormaiztegiar Topaguneko lehendakari izanak, eta Iñaki Dorronsoro ataundar Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohiak babestu dute.
«Herrigintzan batera jardunda garatuko dugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indatsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa», dio agiriak.
Abesti bat eguerdian
Aurtengo Aberri egun bateratuaren transmisio-bidea musika izango da. Igandean 12:30ean Euskal Herri guztian une berean ikus-entzunezko bat igorriko dute antolatzaileek, irratietan, tokiko telebistetan eta sarean.
Hiru abesti batera abesteko gonbita da: Gernikako arbola, Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak. Euskal musikari ugarik parte hartu dute bideoklipetan.
IGANDEA, APIRILAK 4
· Ataun. ‘Keinu bat batera’. Inaxio Aierbe Plazan, 12:15ean.
· Beasain. Ekitaldia Zubimusu plazan, 12:30. Txupina, bertsolariak, agurra ikurrinari, agiria irakurtzea, abestiak.
· Gabiria. Ezohiko udalbatzar berezia, udaletxean, 13:15. Bertsoak.
· Lazkao. Kalejira zanpantzarrekin, 11:30. Musikariekin kantaldi herrikoia. ‘Keinu bat batera’ ikus-entzunezkoa, 12:30.
· Legazpi. Ekitaldia, Euskal Herria plazan, 12:00. Ikurrinari omenaldia, musika, dantza.
· Ordizia. Ekitaldia, Plaza Nagusian, 12:00.
· Zaldibia. Ekitaldia, plazan 12:30, ikurrinarekin.