Izurritearen oldarraldiaren aurrean, Osasun Sailaren ekintzarik eta informaziorik eza salatu du Zaldibiako Udalak
Agerraldia egin dute udal gobernuko zinegotziek, eta lehengo ostegunean koronabirusaren joa zetorrela antzemanda, jaurlaritzari neurriak hartzeko eskatu arren, atzo goizeko datu-emate bilerara arte ez dutela inolako jakinarazpenik jaso deitoratu dute. Astebetean 73 positibo izan dira Zaldibian.
Zaldibiako Udaleko gobernu taldeko sei zinegotzik, guztiak EH Bildukoak, agerraldian atera ziren atzo iluntzean herriko plazara. Azken astebetean herria erasan duen COVID-19 birusaren oldarraldiak kezkatuta, eta horren aurrean Osasun Sailak izan duen jarrerarekin gogaituta azaldu dira.
Azkeneko zazpi egunetan 73 koronabirus positibo kasu zenbatu dituzte Zaldibian, eta 14 eguneko eta 100.000 biztanleko intzidentzia-tasa 4.402koa da. Atzo goizean bilera izan zuten intzidentzia 400ekoa baino handiagoa duten udalerrietako alkateek Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin, telematikoki. “Tasa altuenak ditugun herrietako bana-banako hainbat datu eman dizkigu Osasun Sailburuak eta haren lan-taldeak, eta eskualdeko egoerari ere aipamena egin diogu. Egoera kezkagarria da, kasuek orokorrean goraka jarraitzea aurreikusten da”, argitu du Zaldibiako alkate Eztitxu Mujikak.
Zaldibiaren kasuan, Osasun Sailaren ekintzarik eza salatu dute: “Pasa den ostegunetik kasu uholdea zetorrela antzemanda Osakidetzarekin zein Osasun Sailarekin harremanetan jarri ginen. Herrian gertatzen ari zena arrunta ez zela eta jarraipena egiteko eskatu genuen, baita neurriak garaiz hartzeko ere, horretarako Udalaren lankidetza eta prestasuna azalduz. Herriarekiko erantzun zehatzik gabe, gaur [atzo] bitarte ez dugu beste inolako komunikazio edo informaziorik izan”, azaldu zuen Mujikak atzo.
Informaziorik ere ez dutela batere jaso deitoratu dute, atzo arte. Herritarrek eurek jakinarazitakoa eta Lardizabal herri eskolatik emandakoa –kutsatu asko haurrak dira– giltzarriak izan direla gehitu du alkateak, eta eskerrak eman dizkie haiei. “Zaldibiako kasuan, Osakidetzako arakatzaileen sareak azaleratu dituen kasuen %60 detektatu ditu herritarren kolaborazioari esker, baita Lardizabal Eskolari esker ere. Guztiei eskertu nahi diegu egindako lana”.
Neurri gehigarririk ez
Zaldibia eremu gorrian dagoenez, udalerria perimetralki itxita dago. Ezin da bertara sartu, eta herritarrak alboko herrietara erosketak egitera edo aire librean ibiltzera soilik mugi daitezke. Egoera berean daude inguruko udalerriak ere: Lazkao, Ataun, Ordizia, Beasain…
Osasun Sailak ez die azaldu Zaldibian neurri gehiagarriak hartzeko asmorik. Hala ere, Lardizabal eskolako irakasleei eta konfinatuta ez dauden ikasleei gaur Zumarragara joateko deia iritsi zaie, PCR baheketara. Hori ere ikastetxearen bidez jakin duela udalak, eta “kezka eta haserrea” agertu ditu berriz alkateak, “irizpide aldaketa eta informazio ezaren aurrean”. “Ez da lehen aldia, eta ez gara udal bakarrak hau sentitzen dugunak. Adierazi nahi dugu, era berean, baheketa zehatz hau kutsatzeak antzemateko bidean pauso bat izan badaiteke ere, gaur egun herrian kutsatu direnen eremu zabala eta pasatzen ari den denbora ikusita, begirada guztia eskolan eta haurrengan jartzea motz geratzea dela”.
Azkenik, herritarren ardura eta kolaborazioa “handia” izaten ari dela baloratu du udalak. Positibo eman dutenei udaletxera hots egiteko (943 88 03 57, baita jaiegunetan ere) eskatu die, etxez etxeko hondakin bilketa, janari edo oinarrizko produktuen banaketak antolatzeko.