Martxoko feriek epel bukatu dute
Barazki eta landare berrien emariak bizi darrai. Baina herri-muga ixteak eragindako kaltea ere nabarmena da Ordiziako azokan.
Epel goizean goizetik atzo Ordizian 16 gradu goizeko zortzietan. Jendearen joan etorriaz ere kontu bera esan genezake, epel. Herri mugak berriz ere ixteak eragin nabarmena du. «Berez ere asteazken santuko feria ez da hain ona izaten, baina honekin ia errematea». Bati baino gehiagori entzun diegu etsi puntuan eta aplikatzen den kudeaketa ulertzeko zailtasuna areagotzen ari da.
Eskerrak naturak bere bidea daraman eta udaberriz janzten ari zaizkigun postuak. Atzo lehen baba berriak postu pare batean ikusi genituen. «Aire librekoak dira, segituan saldu ditut ekarritako ia guztiak», aipatzen zuen 09:00etarako Edurne Jauregi Baliarraingoak, 4-5 euro artean kiloa salgai. Batzuk hain finak izaki, azal eta guzti jateko modukoak ziren. Ilar mota berriak ekarri dituzte eta eskaintza 12-13 euroan kiloa atzo leka eta guzti.
Lau kilo ziza
Mikologia atalean lau kilo udaberriko ziza, orain arteko prezio berean 120 euroan kiloa. Eskutatik kendu dizkiote Lasari, «gehiago ere salduko ziren».
Lehen hauek oso preziatuak izaten dira eta halako kalitatekoak zer esanik ez. Aspaldiko partez on- ddoak ere bazituen, Zamoratik ekarriak 30 kilo 35 euroan kiloa.
Bestalde, garaiaren arabera produktuen eta saltzaileen joan-etorria azokaren ezaugarrietako bat da. Eskaintzan erreparatuta, dagoeneko ez da hemengo sagarrik eta kiwirik. Ez zen urte ona izan iazkoa, ez da sagarrei dagokionez ere, eta hori nabarmen da orain. Izan ere sagar berria San juan sagarra eta aurreko denboraldiko azken errezilak elkarrekin salgai izatea gertatu izan da, aurten urruti gaude horretatik.
Landare eskaintzari dagokionez oraintxe aldaketa garaia bete-betean, alde batera gelditzen dira eskarola, azalore, brokoli, orburu, kardu… eta udakoak ugaritzen ari dira. Atzo lehen berenjena landareak salgai ziren 0,5 euroan bakoitza, hasi berriak diren tomate, kuia, kuiatxo eta luzokerraren zerrendara gehitzeko. Hori bai oraindik ere eguraldi epel hauek ez gaitzatela tronpatu eta hotzak honda ditzakeela ahaztu gabe.