'Ondo ibili, ondo izan' ekimena Aste Santuaren ondoren hasiko da
Apirilaren 15ean egingo dute lehen txangoa. Aldez aurretik izena eman behar da, kiroldegian; zerrendak zabalik daude. Patologien araberako seiko taldeetan banatuko dira, protokoloak behartuta
Ondo ibili, ondo izan ekimena apirilaren 15ean itzuliko da. Ostegunero elkartuko dira Gernika pasealekuko frontoiaren ondoan herrigunean zehar osteratxo bat egiteko, iraganean bezala. Halere, pandemiak behartuta, seiko taldeetan banatuko dira aurtengoan. Banaketa patologien araberakoa izango dela zehaztu du Ion Iturbe kiroldegiko teknikariak.
Antolaketa lanak errazteko izena eman behar da aldez aurretik. Egin daiteke jada. Horretarako, Antzizar kiroldegira joan edo 943 88 79 00 telefonora deitu behar da. Izena emanda egotea derrigorrezkoa izango da txangoetan parte hartzeko.
Deialdia adineko beasaindar guztiei zabalik dago. Aurtengoan ere, Beasaingo osasun etxeak, Asmubek, Aranealdek, Nagusilanek eta Aita Menni zentroek emango diote bultzada. Esan, azken hauek oraindik ez direla hasiko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren protokoloetan ez direlako halako jarduerak baimentzen.
Iturbek azpimarratu du Ondo ibili ondo izan ekimenari esker erabiltzaileek bizimodu sendentarioa alboratzen dutela eta bizi-ohitura osasuntsuak bereganatzen dituztela. Ariketa fisikoaren bitartez indarra eta giharretakoerresistentzia hobetzen dela, oreka lantzen dela, erorikoen arriskua gutxitzen dela eta artikulazioak gazte mantentzen direla zerrendatu du. Gainera, sozializaziorako eremuak ere badira gogorarazi du.
Hasteko gogoz
Ondo ibili ondo izanek urtebeteko etena izan du. Iazko martxoan bertan behera utzi behar izan zuten, itxialdiak behartuta. Leire Artola alkateak esan du erabiltzaileek berriz martxan hasteko eskatu izan dutela, hasteko gogotsu daudelako. Arriskuak ahalik eta gehien murrizteko, segurtasun neurriak zorrotz beteko dituztela aipatu du.