Azken bi egunotan 110 positibo kasu gehiago
Jai eguna izan arren, azken bi egunotako COVID-19 positibo kasuen txostena kaleratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Zaldibiak (19), Beasainek eta Segurak (17na), Ordiziak (14) eta Lazkaok (10) izan dituzte kasurik gehienak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak ez ditu publiko egiten jai egun eta asteburuetan PCR eta Antigeno proben herrikako datuak, baina gaur, ezustean, txosten epidemiologikoa kaleratu du. Datuek kezkatzeko modukoak izaten jarraitzen dute, azken bi egunotan 110 positibo kasu gehiago zenbatu baititu Goierrin (70 asteazkenean, eta 40 atzo).
Kasurik gehienak Zaldibian (19), Beasainen eta Seguran (17na), Ordizian (14), Lazkaon (10) eta Zumarragan (9) izan dira. Legazpin eta Urretxun 6na zenbatu ditu, Ormaiztegin eta Zegaman 4na, Idiazabalen 3 eta kasu bakarra Ezkio eta Itsason. Gainontzeko herrietan ez du kasu berririk atzeman azken bi egunotan.
Iazko martxoan osasun krisia hasi zenetik, Goierrin 6.131 COVID-19 positibo kasu izan dira.
Hamabost udalerri 400eko mugatik gora
Eragin tasari dagokionean, Zaldibiak goraka jarraitzen du etenik gabe, 5548,85. Udalak berak Osasun sailaren ekintza eta informazio eza salatu zuen asteazken iluntzean egin zuen prentsaurrekoan. Osasun sailak ez du inolako agerraldirekin lotzen Zaldibian izaten ari den kasuen gorakada.
400eko mugaren oso goitik daude Zegama (2235,37), Mutiloa (1568,63), Segura (1500, 33), Olaberria (1417,67), Ormaiztegi (1253,92), Ordizia (1042,70), Ezkio eta Itsaso (1104,10), Ataun (915,86), Lazkao (905,54), Beasain (905,78), Urretxu (820,03), Zerain (729,93), Zumarraga (672,03), Legazpi (642,17) eta Idiazabal (504,20).
Gainontzeko herrien egoera
Gaur gaurkoz 400eko eragin tasa gainditzen ez duten herriak honakoak dira: Gabiria (389,86) eta Legorreta (335,57) muga-mugan daude, eta lau udalerri zeroan daude une honetan: Altzaga, Arama, Gaintza eta Itsasondo.
Eusko Jaurlaritzak datorren asteartean, hilaren 6an, iragarriko ditu perimetralki itxiko dituen udalerri berrien zerrenda, eta orain arteko irizpideei jarraituz gero, Goierriko udalerri gehienak itxita leudeke. Biharamunean, hilaren 7an, sartuko litzateke indarrean neurri hori.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, ordea, sarrera bat idatzi zuen atzo bere Facebook kontuan. Honakoa dio azken parrafoak: “Nolanahi ere, euskal gizartearen osasunerako interesik onenean, beharrezkoa bada neurri berriak hartuko ditugu. Dena den, gakoa ez da neurri gehiago ezartzea, indarrean daudenak betetzea baizik”.
03/31 | 04/01 | DENERA | |
Altzaga | 0 | 0 | 4 |
Arama | 0 | 0 | 18 |
Ataun | 0 | 0 | 170 |
Beasain | 14 | 3 | 1.377 (+17) |
Ezkio eta Itsaso | 0 | 1 | 31 (+1) |
Gabiria | 0 | 0 | 13 |
Gaintza | 0 | 0 | 9 |
Idiazabal | 1 | 2 | 129 (+3) |
Itsasondo | 0 | 0 | 51 |
Lazkao | 6 | 4 | 446 (+10) |
Legazpi | 5 | 1 | 575 (+6) |
Legorreta | 0 | 0 | 143 |
Mutiloa | 0 | 0 | 15 |
Olaberria | 0 | 0 | 61 |
Ordizia | 10 | 4 | 1.150 (+14) |
Ormaiztegi | 3 | 1 | 99 (+4) |
Segura | 6 | 11 | 181 (+17) |
Urretxu | 4 | 2 | 476 (+6) |
Zaldibia | 9 | 10 | 232 (+19) |
Zegama | 4 | 0 | 162 (+4) |
Zerain | 0 | 0 | 14 |
Zumarraga | 8 | 1 | 775 (+9) |
GOIERRI | 70 | 40 | 6.131 (+110) |
* Datuetan egun batetik bestera egon daitezkeen aldeak, Eusko Jaurlaritzak asteroko datuak eguneratzean egiten dituen aldaketei dagozkio.