Goierriko lau herri gehiago sartu dira eremu gorrian
Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi eta Segurak mugikortasuna mugatua izango dute gaurtik aurrera, zerrendan zeuden gainontzeko zazpi herriekin batera. Ataun eta Olaberria eremu gorritik atera dira.
Udalerrien ebazpen zerrenda astelehenero berritzen den arren, atzoko jaieguna dela eta, gaur eguneratu dute aste honetako zerrenda. Jaurlaritzak neurriak aplikatzeko langa jaitsi zuenez, 100.000 biztanleko 400 gaixoetan kokatzen da gaur egun, eta 5.000 biztanletik beherako herrietan, intzidentzia tasaz gain, osasun eremuaren egoera eta azken azken astean izandako kasu positiboak hartzen dituzte kontuan.
Martxoaren 27an argitaratutako txostenaren arabera bederatzi ziren eremu gorrian zeuden herriak: Ataun, Olaberria, Beasain, Lazkao, Ordizia, Urretxu, Idiazabal, Zaldibia eta Zegama. Gaur publikatutako ebazpenaren arabera, ordea, Ataun eta Olaberriak zerrenda honetatik ateratzea lortu duten arren, beste lau dira eremu gorrian sartu diren herriak: Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi eta Segura. Gipuzkoak 374,07 gaixoetako intzidentzia du.
Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Labiren aholku batzordeak jakinarazi zuen moduan, eremu gorrian dauden herrietako biztanleek mugikortasuna mugatua izango dute eta ezingo dira euren herrietatik irten. Nolanahi ere, mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduta izango dute, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko bada.