Greba eguna eta kontzentrazioa egin dituzte Beasaingo kale garbitzaileek
Beasaingo kale garbitzaileek egun guztiko greba egin dute gaur eta Beasaingo plazan elkartu dira lan baldintza duinak aldarrikatzeko
Beasaingo kale garbitzaileak Loinazko San Martin plazan elkartu dira gaur goizean, daukaten partzialitate handia salatu eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko asmoz. 16 dira Beasainen dabiltzan langileak, baina soilik sei dira jardunaldi osoa dutenak, eta gainontzeko guztiek jardunaldi partzialak dituzte. ELA Sindikatuak adierazi duenaren arabera «zerbitzuaren beharrek askoz jardunaldi gehiago egoteko bidea emango lukete, baina Serbitzu Elkartea S.L. enpresari ez zaio komeni».
Langileen erdiak baino gehiagok lanaldi partziala duen arren, Beasaingo kale garbitzaileek argi utzi dute «lanaldi partziala duenak, lanaldi osoa duela amets», lanaldi osoarekin «errazagoa delako» lana bizitza pertsonalarekin uztartzea, egutegi egonkor bat edukitzea eta etxera soldata oso bat eramatea.
Partzialitateaz gain, enpresak jardunaldiak osatzeko duen botereaz ere kexatu dira langileak: «Ez dugu bonolotorik nahi, izen-abizenak edukiko dituen zerrenda bat osatu nahi dugu. Langileen ordezkariekin negoziatutako zerrenda bat nahi dugu, eta sortzen diren lanpostu aukerak modu objektibo batean banatzea».
Honegatik guztiagatik, kontzentrazioaz gain, egun guztiko greba ere egin dute Beasaingo kale garbitzaileek: «Garbiketa esentziala den honetan, lan baldintzak duinak izan behar direlako. Partzialitatea eta
behin behinekotasuna, prekarietatea direlako»