Animalia ezberdinen buruak sortu eta ikusgai jarri ditu Keko Maiotzek
Egurrezko piezak dira denak; zehazki, gerezia, zumarra, pagoa eta platanoa erabili ditu lan horietarako. Segurako Atseden tabernan egongo dira ikusgai aurrerantzean.
Seguran bizi den Keko Maiotz asteasuarrak artisau lan berriak egin ditu eta erakusketa jarri du Atseden tabernako terrazan. Egurra erabiliz, hainbat animaliaren buruak irudikatu ditu. Tartean, elefantea, hontza, oreina, zebra edota hartzaren buruak sortu ditu. Denbora pasa gisa egin zituen eta lagunek animatuta jarri ditu tabernan.
Ez du artisautza ogibide. Oso gustoko ditu egur lanak, baina, eta konfinamendua zela eta ekin zion azken lan multzoari: «Denboraldi batzuk eman ditugu etxean koronabirusagatik, eta inora ateratzerik ez zegoenez, nahi gabe hasi nintzen», azaldu du Keko Maiotzek. Batekin hasi eta azkenean zazpi jarri ditu ikusgai. «Kuadrilakoek ikusi zituzten, animatu eta Atsedenen astebukaera batean geundela erabaki genuen bertan jartzea, nagusiarekin hitz egin eta horrelaxe izan zen». Herrian gustoko izan dituzte piezak, eta dagoeneko bi saldu ditu.
Etxeko garajean, «tokatzen den egurrarekin» egiten du lan, eta oraingoan platanoa, zumarra, pagoa eta gerezia erabili ditu. «Bizitza osoan egurrarekin erlazioa izan dut, eta animaliak ere asko gustatzen zaizkit. Bi gauza horiek lotuta sortu da». Erakusketak ez du amaiera data zehatzik eta Atsedenen egongo dira aurrerantzean.
Hasi eta bukatu
Egurrezko lanak denbora pasatzeko egiten baditu ere, denbora asko eta lan handia behar dutela azaldu du Maiotzek, eta lana ontzen hasi aurretik ideia argi eta garbi izatearen garrantzia azpimarratu du: «Egur pusketa hartu, paper batean ideia marraztu eta deskuidatu gabe egin behar da; irudikatuko duzunaren forma egur pusketan ikusi behar duzu motozerra piztu aurretik, eta forma behintzat hasi eta bukatu behar duzu aldi batean».
Motozerra erabiltzen du lan guztietarako. Hori da erraminta nagusia. «%80-90 inguru motozerrarekin» egiten du. Ondoren eskuz txukundu eta xehetasunak egiten dizkio formari: oraingo lanetan hortzak, mingaina, begiak… Beraz, hilabete honetan gutxienez, animalia desberdinen egurrezko lanak ikusteko aukera izango dute segurarrek Atseden tabernako terrazan.