CAFek 29 trenetako eta 250 milioiko eskaria jaso du Suediatik
CAFek eskaera bolumena bikoiztu egin daitekeela iragarri du, beste 26 tren ekoitzeko aukera zabalik utzi dutelako. Datozen urteetan hazi egingo den merkatua dela aurreikusten dute
CAFek lau kotxeko 20 tren elektriko, hiru kotxeko zortzi tren biodiesel-elektriko eta power car bat ekoizteko eskaria jaso du Suediatik. AB Transitiok enpresak egin dio enkargua, gerora Jonkoping, Kalmar, Kronoberg eta Blekinge eskualdeetako garraio publikoko konpainiei errentan uzteko.
Kontratuaren oinarrizko bolumena 250 milioikoa da. Kopurua bikoiztu egin daitekeela iragarri du Beasaingo multinazionalak, beste 26 tren ekoitzeko aukera zabalik utzi dutelako.
CAFek datozen urteetan ere Eskandinaviako merkatuan akordio gehiago istea espero du. Multinazionalaren aurreikuspenen arabera, urte gutxiren buruan lizitazioen kopuru «esanguratsua» jazoko da.
CAFek lanak aurreratuak ditu. Norvegian, Finlandian eta Suedian eginak ditu negozioak. Esaterako, Norvegiako abiadura handiko trenen unitateen hornikuntzan, Hensilkiko metro-unitateetan eta Stockholmeko tranbiako flotan. Gainera, CAFek EuroMaint enpresa suediarra erosi zuen duela bi urte. 1.000 langile inguru ditu, trenen mantentze lanetara bideratuta.
Paristik, albiste onak
CAF Pariseko aldirietarako trenak ekoitzen has daiteke. Otsailean jaso zuen eskaria, Bombardierrekin batera. Kontua da, Alstrom konpainiak Bombardier erosi zuela adjudikazio prozesua amaitu berritan, eta eskariari ezin ziola erantzun esan zuen Henri Poupart-Lafarge enpresako zuzendari nagusiak. BFMTV Frantziako telebistak zabaldu duenez, Altromek azkenean ez du akordioa zapuztuko.
CAFentzat albiste ezin hobea da. Eskaria 2.560 milioikoa baita, bere egungo eskari zorroaren %10a baino gehiagokoa.
CAF eta Alstrom elkarren arteko konpetentzia dira eta iteres gurutzatuak dituzte. CAFek jaso zuen Parisko garraio publikoaren kudeatzailearen eskaria eta frantziako konpainiak Renferena. Helegiteen bidez, akordioak baliogabetu nahi izan dituzte, baina bere horretan gelditu dira.