Errenta aitorpena eta Ogasunarekin euskaraz egiteko deia egin dute
Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek bat egin dute ‘Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpainarekin. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahalko dira proposamenak.
Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz! kanpainarekin bat egin dute Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako udalek, beste behin ere. Ordiziako udaletxean aurkeztu zuten atzo, eta xehetasun guztien berri eman zuten Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak, Leire Artola Beasaingo alkateak eta Amagoia Naldaiz Lazkaoko euskara zinegotziak.
Ekainaren 30era arte autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute herritarrek, eta euskaraz egiteko aukera izango dute aurten ere. «2010 urteaz geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da, euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea», nabarmendu du Alvarezek.
Gipuzkoako Foru Ogasunak, bestalde, lau urteko egitasmoa abiarazi zuen iaz. Helburua da 2023ari begira 100.000 herritarrek euskara aukeratzea Aldundiko Ogasuna eta Finantza Departamenduarekin harremanak izateko (2020an Gipuzkoan 80.519 herritarrek egina zuten euskararen aldeko hautu hori).
Alvarezek gaineratu duenez,«edozein unetan aukera dezakezu euskara Ogasunarekin harremanak izateko eta errenta aitorpena aurkeztean ere bai».
Hiru bide
Errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude gaur-gaurkoz, eta Artolak esan duenez «guztietan erabil daiteke euskara». Lehenengo aukera da, autolikidazio proposamena. Bide hori aukeratzen dutenek, «jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dutela esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkie».
Bigarren bidea da, mekanizatua; «hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adieraztea baina ez da, hala, Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, eta Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu».
Hirugarrena, berriz, Internet bidezkoa da, Zergabidea webgunean, Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.
Errenta aitorpena egiteko aholkularitza edo finantza erakunde batera jotzen dutenen kasuan ere, euskaraz egiteko eska dezaketela esan du Artolak.
Datuak gora
2010ean kanpaina hasi zenetik 2020ra, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz joan dela azaldu dute. Ordizian %8,29tik %21,15era igo da, Beasainen%8,37tik %19,71ra, eta Lazkaon, berriz, %15,52tik %29,20ra.
«Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea», nabarmendu du Naldaizek.
Hiru udalerri horiek bakarrik ez, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) ere, bat egin du Ogasunarekin euskaraz kanpainarekin. Hala, errenta aitorpena euskaraz egiteko deiaegin diete herritarrei.