Itsasondo, Legorreta eta Olaberria ere, bakartuta
Goierriko hamaika herrik isolatuta pasa beharko dute astea. Idiazabalen eta Seguran neurriak arindu dituzte. Eskualdeko intzidentzia tasa milatik behera jaitsi da.

Itsasondo, Legorreta eta Olaberria perimetralki itxita daude gaurtik aurrera. Beasaini, Lazkaori, Legazpiri, Ordiziari, Urretxuri, Zaldibiari, Zegamari eta Zumarragari batu zaizkie. Hau da, hamaika herriotatik ezin da irten eta sartu. Ostalaritzak eta estalpeko kirol guneek ere jarduna mugatua dute.
Neurri murriztaileek astebete egingo dute, gutxienez, indarrean. Orain Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak astean behin eguneratzen du zerrenda, astelehenetan. Orduan intzidentzia 400 gaixoetatik beherakoa bada, mugikortasuna berreskuratuko dute. Idiazabalen, Ormaiztegiren eta Seguraren kasuak dira. Egiari zor, Segurako intzidentzia tasa 1.400 gaixoetatik gora dago, baina azken astean kasu bakarra izan denez, ez ditu 5.000 biztanletik beherako herriak ixteko hiru baldintzak betetzen. Egoera berean daude Altzaga, Ezkio eta Itsaso, Gabiria eta Gaintza.
Mugikortasuna baimenduta duten herritarrek, edozein kasutan, Gipuzkoa barruan mugitu ahal dute. Betiere, eremu gorrian ez dauden herrien artean. Izan ere, lurralde historikoko intzidentzia tasa ere 400 kasuetatik gora dago eta itxiera perimetrala ezarri dute. Gainerako neurriak ez dira ezarri.
Goierriko intzidentzia tasa ere oso hazita dago. Egun, 100.000 biztanleko 918,69 gaixoetako tasa du. Eremu gorrian, hortaz, egoera larrienean. Halere, eskualde mailako neurririk ez du hartzen Osasun Sailak. Kontuak kontu, eskualdeko egoerak hobera egin du azken astean. Intzidentziak pazko-bigarrenean jo zuen goia, 1.063,97 kasuekin. Tasak astebete egin zuen milako langatik gora.
Zazpi hildako, martxoan
Asteburuan 107 Covid kasu atzeman dira. Aurreko asteburuan baino heren bat gutxiago da hori. Apirilean, denera, 451 kasu baieztatu dira.
Hildakoen jarioa ere txikitzen ari da. Martxoan zazpi lagunek galdu zuten bizia COVID-19arekin, otsailean eta urtarrilean baino gutxiagok. Pandemia hasi zenetik 123 goierritar hil dira.
Neurrien inguruko bilera egingo du Labi-ren batzorde teknikoak
Iñigo Urkullu Lehendakariak Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluaren laguntza batzordea deitu du gaurko. Egoeraren inguruan eta neurrien eraginkortasunaz jardungo dute. Lehendakariak Radio Euskadi irratian aitortu zuen bertan esandakoetan oinarrituko direla etorkizuneko erabakiak hartzeko. Ez zuen argitu neurriak zorroztuko ote dituzten, baina arinduko ez dituztela baieztatu zuen. «Inondik inora ere ez», gaineratu zuen.
Lehendakariak beste behin azpimarratu zuen egungo neurriak zorrotz betez gero nahikoak direla. Hala, gizarteari erantzukizunez jokatzeko eskatu zion.
Txertaketak aurrera egin ahala pandemia leuntzen joango dela esan zuen. Zumarragako 65 urtetik gorako goierritarren txertaketak bere horretan jarraitzen du, gazteagoena geldituta dagoen arren. Halere, pandemiak «hilabeteetan» jarraituko duela ohartarazi zuen Lehendakariak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari alarma egoera luzatzeko eskatu zion, euste neurriak berme juridikoarekin ezartzeko.