Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak Repsol gidaren 'eguzkia' jaso du
Villabonako Hika txakolindegiko jatetxean egindako lana saritu dio Repsol gidak sukaldari beasaindarrari. Mutiloako Ostatuari ere aipamen berezia egin dio gida horrek.

Repsol Gidak espainiar estatu mailako sukaldari onenen lana saritu du beste behin ere, ‘Repsol eguzkiak’ emanda. Guztira 96 jatetxe nabarmendu dituzte, horietatik 3 hiruna eguzkirekin, 11 birekin eta gainontzeko 82ak eguzki batekin. Euskal Herriari dagokionean, bederatzi izan dira saritutako jantokiak, 4 Bizkaian, 3 Gipuzkoan, eta bana Araban eta Nafarroan.
Horien artean dago Villabonako Hika Txakolindegiko jatetxea. Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak du bertako sukaldearen ardura. Lehendik Tolosako Frontón jatetxean aritu izan da Ruiz, eta bere indaba beltzengatik egin da ezaguna. Hika txakolindegian, indabez gain, bertako produktuak eta betiko errezetak lantzen ditu, beti ere, ukitu berritzaile bat emanda. Jatetxea bera eta duen kokapena ere aipatu du Repsol gidak, “hamaika hektareako mahastiz inguratuta” baitago.
Aipamen bereziak
Eguzkiak banatzeaz gain, beste hainbat jatetxe ere gomendatu ditu Repsol gidak, aipamen bereziak eskainiz. Horien artean, Hego Euskal Herriko beste 11 jatetxe daude, eta tartean da Mutiloako Ostatua, Iñaki Telleria sukaldariaren ardurapean.