Beasaingo Udala 100 enpresarekin elkartuko da, diagnosia egiteko
Enpresek dituzten beharrei aurre egiteko 100.000 euroko diru partida bideratuko dute. Enplegua eta industria babestea «lehentasunezko helburuak» direla esan dute
Beasaingo Udala herriko enpresekin batzen hasi da Covidaren eragina neurtu eta laguntza lerroak identifikatzeko. «Helburu nagusienak ondorengoak dira: enpresen egoera lehen eskutik ezagutu eta etorkizuna definitzen lagundu; etorkizuneko proiektuak detektatu; bailara mailako proiektuak planteatu; eta egoera larrian daudenei epe motzean neurriak hartzen lagundu», adierazi dute udaletik. 100 enpresekin hitz egingo dute, gutxi gorabehera.
Aurtengo aurrekontuetan 100.000 euroko partida prestatua dago enpresei laguntzeko. «COVID-19ak eragin dituen kalteei aurre egitea eta enplegua eta industria babestea dira lehentasunezko helburu udalarentzat, horiek baitira ongizate sortuko dutenak», diote. «Udal gobernuak tokiko ekonomia eta enplegua bultzatzeko duen konpromisoari eutsiz egoera honi aurre egiteko neurriak martxan jarriko ditu», iragarri dute. Elkarrizketetan entzundakoaren arabera prestatuko dituzte neurriak. «Industrian identifikatu diren behar nagusiak, bezero gehiago eta dibertsifikatuagoak, produktu edo zerbitzu berrien garapena, digitalizazioa, talentua eta gastuen murrizpenak izan dira. Ekintzailetza eta zerbitzuetan aldiz, pertsonen premiak, lan antolaketa, finantzazioa, lan arrisku prebentzioak, harremanetarako tresna berriak eta inbertsioen planifikazioa dira lan lerro nagusienak», aurreratu dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrabiarazi programaren bitartez eta Goiekirekin elkarlanean egindako egitasmoa da. Inork parte hartu nahiko balu, Goiekirekin harremanetan jartzeko esan dute.
Langabezia, %8an
Beasaingo langabezi-tasa %8,4an dago azken datuen arabera. Beheranzko joera du, urte hasieran %8,6an baitzegoen.