Legazpiko Udalak 36 hiri zuhaitz landatu ditu neguan herriko zazpi eremutan
Zuhaiztiak mantentzeko eta kontserbatzeko lanen barruan egin dituzte landaketak. Gaixorik egoteagatik bota behar izan direnak edo haizearen eraginez eroritakoak ordezkatu dituzte
Legazpiko Udalak jakinarazi duenez, neguan zehar 36 hiri zuhaitz berri landatu ditu herriko hainbat tokitan, aurrez zeuden beste batzuk ordezkatuz batez ere. Hiriko zuhaiztiak «herritarrentzat onuragarriak diren funtzio ugari» betetzen dituela nabarmendu du udalak, eta horregatik baldintza onetan mantentzea eta kontserbatzea «oso garrantzitsua» dela dio. Mantentze eta kontserbazio jardun horretan kokatu ditu azken landaketa horiek.
Zuhaitz gazteak aurretik beste batzuk egondako tokietan landatu dituzte gehienbat. Izan ere, gaixorik egoteagatik erortzeko arriskuan zeudelako edo iazko urrian gertatu zen bezala, haizete handiengatik erori zirelako, Legazpin moztu egin behar izan zituzten hainbat zuhaitz.
Hainbat eremutan aldatuta
Negua baliatu du udalak zuhaitz gazteak aldatzeko, 36 guztira; espezie desberdinetakoak dira, eta herriko zazpi eremutan landatu dituzte.
Kultur etxe atzealdeko berdegunean hiru likidanbar (Liquidanbar Styraciflua) eta bi aranondo (Prunus Domestica) landatu dituzte; San Ignazio auzoan bost urki dilindari (Betula Pendula), lau madariondo (Pyrus Calleriana), lau likidanbar eta Gingko Biloba bat: Meazti Etxearen aurrealdean, bost gereziondo (Prunus Yedoensis); Santikutz egoitzaren aurrealdeko lorategian, bost haritz apaingarri (Quercus Palustris) eta Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoek Legazpiri oparitutako intxaurrondoa (Juglans Regia); Santikutz kalean, beste hiru haritz apaingarri; Aizkonaga kalean, pago bat (Fagus Sylvatuica Purpurea); eta, amaitzeko, Telleriarteko plazan, duela gutxi berritutako haur parkearen ondoan, bi aranondo (Prunus sp).