Merkataritzako erosketa bonuei nekazaritzakoak batu zaizkie Lazkaon
'Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?' suspertze kanpainaren barruan, hirugarren bonu emanaldia hasi dute, aste honetan, Lazkaon.
Lazkaoko merkataritzan erabiltzeko hirugarren bonu emanaldia astelehenean hasi zen, Nik Lazkaon, zuk zergatik ez? suspertze kanpainan. Horrekin batera, lehenengo aldiz, baserritar ekoizleei bideratutako bonuak ere atera ditu udalak.
Merkataritzarako 1.500 bonu izango dituzte herritarrek erosgai. 30 euro ordaindu, eta 40 euroko erosketak egin ahalko dituzte. Kanpainara Lazkaoko 60 saltokik bat egin dute, eta horietan erabil daitezke. Herritar bakoitzak gehienez bost bonu eros ditzake.
Nekazari ekoizleen produktuen laguntzarako kanpainan, berriz, 200 bonu atera ditu udalak. Baserritar Ekoizleen Gidan argitaratutako bost baserritako gaiak erosteko balio dute. Kasu horretana, bonua 20 euroan erosiko du herritarrak, eta 35 euroko gastua egin ahalko du, azaroaren 30era arte. Bakoitzak gehienez bost bonu eros ditzake.
Udaletxean salgai
Bonuak Lazkaoko udaletxean jarri zituzten salgai, herenegun, 08:00etatik 18:00etara. Bi bonu motak zenbakituta daude, eta eroslearen Nortasun Agiri zenbakia hartuko du udalak.
Guztira 300.000 euroko eragina izango duela aurreikusi dute.