Mikel Otegi presoaren egoera gizarteratu eta etxeratzea eskatu dute
Preso itsasondoarraren osasun egoera larria dela salatu du Sarek. Euskal presoen egoera gizarteratzeko ginkana egin dute, espetxeen eta Euskal Herriaren arteko kilometroak irudikatuz
Osasun Naziaorteko Egunaren harira, Sarek antolatutako ekimenekin bat egin dute Itsasondon. Mikel Otegi preso itsasondoarraren egoera gogorarazi nahi izan du bertako presoen aldeko taldeak, baita etxera ekartzea aldarrikatu ere.
Emma Martinezen esanetan, larunbateko ekitaldiaren asmoa ondorengoa izan zen: «Mikelen [Otegi] gaixotasuna dela eta, bere aldeko aldarria egitea, eta horretarako, elkarretaratze deialdiez gain, saiatzen gara, ekintzaren bat egiten dugunean, herriko haurrek eta gazteek ere parte har dezaten, ez dutelako Mikelen ez beste preso batzuen egoera ezagutzen, eta horregatik, larunbatean, ginkana bat antolatu genuen. Bizikletarekin egiteko zirkuitu txiki bat jarrita, gaixo dauden presoak dauden espetxeetatik Euskal Herrira dauden kilometroak irudikatu genituen».
Iruñeko kartzelara
Azken hilabeteetan, euskal preso ugari gerturatu dituzte Euskal Herrira, eta gaixo dauden hainbat preso aske utzi ere bai, egoera oso-oso larrian dauden presoak azken horiek, 5-6 hilabeteko bizia gelditzen zaienak, hain zuzen ere. Martinezek gehitu duenez, «10 presok bere buruaz beste egin dute, eta bederatzi hil dira, gaixo egonda, behar zuten zainketa jaso ez dutelako. Egoera benetan dramatikoa da».
Hala, euskal preso guztien eskubideak betetzearen alde egin zuten Itsasondon, baina bereziki Otegi izan zuten gogoan. «2017an bihotzekoa izan zuen, eta momentu honetan jasotzen ari ez den zainketa jaso beharko luke, bai dietari, bai tratamenduari dagokionez, eta gainera, jarraipen estua behar du medikuaren aldetik, eta kartzelan ez du aukera hori». Gauzak horrela Sarek eskatu du Otegi etxera ekartzea: «Espetxe aldaketa ongi dago baina ez da nahikoa, duen gaixotasunagatik etxean egon beharko luke».
650 tontor, maiatzaren 8an
Bestalde, maiatzaren 8an egingo dute azkenean, iazko urriaren 3an Sare herritarrak deituta egitekoa zen, Bertan parte hartzeko izena eman behar da 650tontor.sare. eus webgunean.