Olaberrian 50 zaldi ekartzea lortu dute, maila oneko raida egiteko
Olaberrian 15. Zaldi Raida jokatu dute aste santuko opor egunetan, Olaberria Endurance taldeak antolatuta.
Pandemiak ezarritako zailtasunei aurre eginda, apirilaren 2an jokatu zen Olaberrian 15. Zaldi Raida, arabiar zaldi gazteentzat, Olaberria Endurance taldeak antolatuta. Bertako taldekideez gain, inguruko erkidegoetako taldeak ere joan ziren, eta partaidetza oparoa izan zuen azkenean: 50 zaldi-zaldunek parte hartu dute. Antolaketaren mailari eusteko mugatu egin zuten; gehiago ziratekeen bestela.
Hiru proba jokatu ziren, 80, 60 eta 40 kilometrokoak. Luzeenean, gainera, Olaberria Enduranceko Marta Odriozolak irabazi zuen, Dominic zaldiarekin. 6:05:06 orduko guztizko denbora egin zuen: 5:58:50 martxako denbora eta 6:16 errekuperaziokoa. Ibilbidea osatzen azkarrena izan zen Dominic, eta errekuperazio-erregistro ona lortzeak (beste zazpi zaldik hobea izan zuten) berretsi zion garaipena.
Olaberrian jaiotako raidetako lehenengo zaldia da Dominic, eta aurreneko lasterketa zuen. Garaipen hirukoitza, beraz.
Giro eguzkitsuarekin baina bero saparik gabe, zaldiketarako giro aproposa egin zuen. Izurritearen eraginez, raid gehienak bertan behera geratu direnez, antolatu izanaz gain, ondo eta arazorik gabe garatu izana ere lorpen bat da antolatzaileentzat.
Suarez eta Ocaña besteetan
Sailkapenetan, 80 kilometrokoan 20 zaldi irten ziren, eta 18k bukatu zuten. Marta Odriozola eta Dominic-en ondoren, Jon Fernandez Sman Masai-rekin (6:22:20) eta Yaiza Roma Jackpot-ekin (6:41:09) sailkatu ziren.
60 kilometroko raidean lau partaide izan ziren. Santiago Suarez eta Aloha Markaabah izan ziren irabazleak (5:41:18). 40ko proba izan zen jendetsuena, 26 partaiderekin (2 eliminatuak), eta Imanol Ocaña izan zen garaile, Celta Bar-ekin (3:28:23).