'Zegama': Unidad Alavesa taldearen disko berriko aurrerapen kanta
Zegamari eskainitako abestia grabatu du Unidad Alavesa taldeak 'Made in Germany' disko berrirako. Gorka Urbizu eta Iñaki Urbizu 'Pela' abeslariek ere parte hartu dute.
Unidad Alavesa musika talde goierritarrak prest du dagoeneko bere ibilbideko hirugarren diskoa izango den Made in Germany lana. Beasaingo Pottoko estudioan grabatu dute, Fredi Pelaezekin. Disko berria aurkezteko, Zegama kantua estreinatu dute orain.
Taldeak dioenez, “Cántaro Garrafak Zegamako herriari bere omenaldi txikia” egin nahi izan dio, “bere aita bertakoa izanik, bertan pasatako momentuak” gogoan izan ditu. Abestia grabatzerako orduan, “luxuzko bi gonbidatu” izan dituzte, taldekideen “aspaldiko lagunak” eta “pertsonalki eta artistikoki asko maite” dituztenak, biak ere. Gorka Urbizu nafarra eta Iñaki Urbizu Pela arabarra dira.