Goierriko lau herrik parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan, hiru modalitatetan
Datorren astean zehaztuko dute txapelketako koadroa, zozketak eginda. Esku huska, Ataun bakarrik ariko da goierritarra. Palan, Olaberria eta Ordizia; eta paleta gomaz, Zumarraga.
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketa jokatuko da aurten. Gipuzkoako Pilota Federazioak gaur jakinarazi du zein herrik parte hartuko duten. 16 herrik eman dute izena eskuko modalitatea jokatzeko, 18 lehiatuko dira gomazko paletakoan, 7 larruzko paleta eta pala motzekoan, eta 4 zesta-puntakoan. Horietatik lau bakarrik dira Goierrikoak: Ataun (esku huska), Olaberria eta Ordizia (pala motzean eta paleta larruz) eta Zumarraga (paleta gomaz).
Datorren astean egingo dituzte joko-mota bakoitzeko lehiaketako kanporaketen zozketak. Osasun egoeragatik, ez dute aurrez aurreko aurkezpen ekitaldirik egingo. Telematikoki konektatuko dira herrietako ordezkariak.
Honako herriak ariko dira Herriartekoan:
- Eskua (16): Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa.
- Paleta gomaz (18): Aia, Amasa-Villabona, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Deba, Donostia, Errenteria, Hernani, Mutriku, Orio, Soraluze, Tolosa, Zarautz, Zestoa eta Zumarraga.
- Paleta larruz eta pala motza (7): Andoain, Deba, Donostia, Errenteria, Oiartzun, Olaberria eta Ordizia.
- Zesta-punta (4): Donostia, Hondarribia, Mutriku eta Zumaia.