‘Losers’ antzezlanak itxiko du aurtengo Antzerki Garaia
Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak berrogei urtera gerturatzen ari diren bi "galtzaileren" rola jokatuko dute. Bihar izango da saioa, Ordiziako Herri Antzokian.
Bi aktore goierritarren saioarekin emango zaio amaiera aurtengo Antzerki Garaia zikloari, Ordizian. Aitziber Garmendia zaldibiarrak eta Jon Plazaola urretxuarrak Losers eskainiko dute, ostiralean. Saioa Herri Antzokian izango da, 19:00etan hasita.
Txalo produkzioen lan honetan, Imanol eta Sara protagonistak, adinean aurrera doaz –ia berrogei–, eta tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe… Horregatik, euren buruak galtzailetzat dituzte.
Ordiziako eta Beasaingo udalek elkarlanean antolatzen duten Antzerki Garaia egitaraua, Euskadiko Antzoki Sarearen barnean kokatzen da eta foru aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailek laguntzen dute.