Maiatzaren 1aren inguruko ekintzak antolatu ditu Goierriko Kontseilu Sozialistak
Ordizian, Beasainen eta Zumarragan hitzaldiak egingo dituzte datozen egunetan. Manifestazioa Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da.
Kontseilu Sozialista Goierrik zenbait ekintza antolatu ditu Maiatzaren 1aren inguruan. Datozen asteetan hitzaldiak egingo dituzte eta Maiatzaren 1ean manifestazioa egingo dute Urretxuko kaleetan.
Asteartean prentsaurreko agerraldia egin zuten Urretxun, ekintza hauek guztiak aurkezteko. Hasteko, Maiatzaren 1aren jatorria gogoratu zuten. «Maiatzaren Lehena 1889an Chicagon zortzi orduko lanaldiaren aldeko greban eraildako langileak omentzeko eguna izan da historikoki. Baita haien ondoren ere langileriaren alde dena eman dutenak oroitzeko eta langile mugimenduaren tradizio iraultzailea aldarrikatzekoa ere».
Aldarrikapenak
Pandemia dela eta, aldarrikapenak inoiz baino beharrezkoagoak direla gehitu zuten. «Aurten, bigarrengoz ospatuko dugu Maiatzaren Lehena pandemiak jotako garaian. Osasun larrialdi honek egiturazko krisi bati bide eman dio eta garai ilunak aurreikusi ditzake proletargoak. Datozen hilabete eta urteetan langile klasearen bizi baldintzen kaskartzea orokorra izango da, abiatua den kaskartzea. Kaskartze horretan ikusiko ditugu langileen kaleratze handiak eta diru sarreren estutzea, baina baita kontrolaren areagotzea eta askatasunaren urritzea ere, besteak beste. Langile mugimenduarentzat borrokarako urteak izango dira. Hala, osotasun berri baten aldeko borroka politikoari lotu behar gatzaizkio aurrera egiteko. Alegia, sozialismoaren aldarria berreskuratu eta lehen lerrora ekarri behar dugu».
Langileriak antolatu beharra duela uste dute. «Azken urteetan, soldatapeko langileen lan baldintzen aldeko aldarriak hartu izan du oihartzun gehien. Borroka horiek ez dira nahikoa sozialismoaren aldeko ekintza batasunik gabe, zapalkuntza ororen aurkako eta klaserik gabeko gizarte baten aldeko aldarria, miseria behingoz atzean utzi eta gizaki ororen garapen askea ahalbidetuko duena. Horregatik, klase batasuna eta klase independentzia oinarri, proletargoaren gaur egungo arazoei aterabide erreala emango dien antolakuntza komunista indartzea dagokigu, eta hori aldarrikatzeko eguna izango da Maiatzaren Lehena». Hori guztia dela eta, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte.
· Apirilak 20. Aurkezpena Ordiziako kultur etxean, 18:00etan.
· Apirilak 23. Aurkezpena Zumarragako kultur etxean, 18:00etan.
· Apirilak 24. Legazpiko Azoka gunean manifestazioa eta kanpainaren aurkezpena, 16:00etan.
· Apirilak 27. Parisko komuna, 150 urte hitzaldia, Ordiziako kultur etxean, 18:00etan.
· Apirilak 29. Genero problematika borrokatzeko lan hipotesi berriak hitzaldia, Beasaingo pergoletako pilotalekuan, 19:30ean.
· Apirilak 30. Langile mugimenduaren historia eta gaur egungo erronkak hitzaldia, Zumarragako plazan, 18:30ean.
· Maiatzak 1. Manifestazioa Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuta, 20:00etan.