Segurtasun arloko ekimenak koordinatzeko mahaia osatu da
Udaleko, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta herritarren babeserako ordezkariek parte hartuko dute.
Beasaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ekimenak koordinatzeko mahaia eratu dute. Leire Artola alkateak, Aitor Escalante udaltzainburuak, Oriako Ertzain-etxeko unitate buruak eta herritarren babeserako buruak ordezkatuko dituzte estamentuak. Sei hilean behin bilduko dira, gutxienez. Gertakariak aztertuko dituzte, tipologiak zehaztu, protokoloak ezarri eta berrikusi… Funtsean, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanari jarraipena emango dio.
Koordinazio mahaia duela lau urte hasi zen eratzen. Beasaingo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean segurtasun arloko hitzarmena sinatu zuten orduan, eta bertan jaso zen mahaiaren beharra.
Udaltzaingoan, aldaketak
Beasaingo Udaltzaingoak asteko zazpi egunetan eskaintzen ditu zerbitzuak urtea hasi zenetik. Legegintzaldi planean jasotako aldaketa zen, Artolaren esanetan «beharrezkoa» zelako. Lan-taldea ere hazi egin da, eta egun hamasei udaltzain daude.