Ampo Ordiziak ligako liderraren aurka jokatuko du bihar Madrilen
Larunbatean 17:00etan hasiko da Alconbendasen aurkakoa. Oier Goiarentzat, Ordizia Rugbiren elastikoarekin 100. partida izango da. Moyua Ordizia taldeak atsedena izango du
Ampo Ordiziak Madril aldera egingo du, errugbiko Ohorezko Mailako liderraren aurka, Lexux Alcobendas taldearen aurka jokatzeko. Larunbatean izango da norgehiagoka, 17:00etan hasita.
Ligako buru da une honetan talde madrildarra, etxean jokatuko du eta VRAC Quesos Entrepinares taldeari irabaztetik dator. Ez dizkie, ez, gauzak erraz jarriko ordiziarrei. Alcobendas, lehian dauden tituluak, bai liga, bai kopa, lortzeko ahalmena duen taldea dela erakutsi du orain arte, eta liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, guztia erabakitzeko dagoen momentuan, dena ematera aterako dira zelaira.
Horrek ez du esan nahi Iñigo Marotiasen mutilek irabazteko aukerarik ez dutenik, noski. Altamiran elkarren aurkakoan, ordiziarrak izan baitziren garaile. Gainera, jokalari guztiak jokatzeko moduan izango ditu Ampok.
Oier Goiak 100 partida
Bestalde, aipatzeko datu bat: Oier Goia idiazabaldarrak, 100.partida egingo du Ordizia Rugbiren elastikoarekin. Gutxi dira marka hori egin edo gainditu duten jokalariak: Joanes Aierbe eta Xabier Lerma jokalari historikoak batetik, baina baita gaur egun aktibo dauden Iñaki Puyadena eta Asier Alvarez de Eulate, edo Aldanondo eta Alberdi. Partida benetan berezia, beraz, Goiarentzat.
Moyua
Bukatzeko, Moyua Ordizia 23 urtez azpiko taldeak, atsedena egingo du asteburu honetan eta Espainiako Urrezko Kopako finalaurrekoa prestatzeko hartuko dute. Esan daiteke, estatuko talde onentsuenen artean dagoela Moyua eta Euskadiko onena dela.