Azokako ekoizleek udalaren diru laguntzak eskatu ditzakete jada
Ekoizle bakoitzak azokan parte hartutako larunbat bakoitzaren truke 50 € jasoko ditu. Beasaingo Udalak hilabeteko azoka berezia eta ekoizleen jarduna sustatu nahi ditu
Beasaingo azoka berezian parte hartzen duten ekoizleek diru laguntzak eskatu ditzakete jada. Ekoizle bakoitzak azokan parte hartutako larunbat bakoitzaren truke 50 € jasoko ditu. Eskaerak udalaren bulego birtualaren bidez aurkeztu behar dira, azaroaren 30a baino lehen.
Diru laguntzen onuraduna izateko baldintza hauek bete behar dira: fruta eta barazki saltzaileen kasuan, garaian garaiko produktuak eskaini beharko dituzte. Hiru produktu, gutxienez; urte guztiko produktuei dagokienez gazta, ogia, eztia…, ez dago kopuru minimorik; dena dela, produktu bakoitzaren alboan produktuen izena eta prezioa jartzen duten arbeltxoak izan beharko dituzte; seihilabetekoan, gutxienez, lau larunbatetan saldu beharko dute; udaleko teknikariek egingo dute jarraipena.
Udalak neurriokin hilabeteko lehen larunbatetan egiten den azoka berezia eta bertako ekoizleen lana sustatu nahi du. Izan ere, azokari esker bertako produktuak zirkuitu laburren bidez merkaturatzea eta kontsumitzea bermatzen da eta eskualdean tradizio kulturaleko ohiturak zaintzen dira, desagertzea saihestuz. Gainera, asteroko azokaren osagarri gisa funtzionatzen du, astearteetako merkatura joateko zailtasunak dituzten herritarrek aukera izan dezaten. Udalbatzak aho batez onartu zituen laguntzok. 2017an ekin zioten larunbatetako azoka bereziari.
Zozketak ere egiten dituzte erakargarria izateko.