Ibiltariek ekin diote bideari
Ondo ibili ondo izan ekimeneko lehen txangoa egin zuten. Lauko taldeetan banatuta egin zuten ibilaldia, osasun larrialdiak eraginda
Ondo ibili ondo izan ekimenak ekin dio bideari, berriz ere. Iazko martxoan bertan behera utzi behar izan zuten, baina erabiltzaileek hala eskatuta, zerbitzua berreskuratzea erabaki dute Beasaingo Udalak eta ekimenean parte hartzen duten elkarteek: osasun etxeak, Asmubek, Aranealdek eta Nagusilanek.
Behartutako aldaketekin itzuli dira. Izena ematea beharrezkoa da, esaterako. Antzizar kiroldegian apuntatu behar da, 943 887 900 telefonora deituta edo bertaratuta. Gainera, txangoak talde txikiagoetan banatuta egingo dituzte. Halere, ekimenaren izaera sozialari eutsi nahi izan diote. Funtsean, ondo ibili ondo izan ekimenaren helburuetako bat adinekoen arteko harremanak eraikitzea eta sendotzea baita, bizi ohitura osasuntsuak bereganatzeaz gain.