Katuen populazioa kontrolatzeko saioak egin dituzte Errekarten
Katu basatiak antzutu egin dituzte ugaldu ez daitezen. Errekarte inguruan egin dute lehen proba, eta emaitzak positiboak badira herriko beste txokoetara zabalduko dute
Beasaingo Udalak eta Lau Katu Beasain elkarteak katuen populazioa kontrolatzeko ekimenak egin ditu Errekarte inguruan. Katu basatiak harrapatu, antzutu eta askatu egin dituzte. Hala, ez dira ugalduko baina bizitzen jarraituko dute. Maiatzean auzotarrei ekimenaren inguruko asebetetze-mailaren inguruko kontsulta egingo zaie, eta irakurketa positiboa bada, Beasaingo gainerako puntuetara zabalduko da plana.
Errekarte kaletik hasi dira bertan kontrolik gabeko kolonia bat atzeman baitzen. Koloniak hainbat arazo sortu zituen inguruan, bereziki garbitasunari dagozkionak: garaje pribatu baten sarreraren inguruan gorotzak pilatzen ziren, esaterako; halaber, bizilagunek emandako jan-hondarren bidez elikatzen zirenez, hondakinak auzoan zehar zabaltzen zituzten. Gainera, hezurrek patologia larriak sor diezazkieke katuei. Horregatik, Lau Katu Beasain elkartetik adierazi dute egokiena eta garbiena eurentzako propio prestatutako pentsua ematea dela.
Kaleko katuak elikatu nahi dituztenei laguntzeko, Beasaingo Udalak elikatzaile-txartel egiaztatuak banatuko ditu. Jana uzteko tokiak ere prestatuko dituzte. Banandutako guneak izango dira, herritarren artean arazorik ez sortzeko, baina irisgarriak izango dira aldi berean.
Bestalde, Beasaingo Udala etxeko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratzen ari da. Aurtengorako indarrean egotea espero du udalak. Arriskutsuak izan daitezkeen txakurren eta txakur parkeen inguruko arauak txertatu nahi dituzte, baita ere animalien aurkako tratu txarren zigorrak berrikusi.