Mezu berri bat espirituen mundutik
Mikel Lizarraldek haurra zenetik izan du harreman estua espirituekin. Marilyn Rossner medium ezagunarekin sakondu zuen mediumgintzan. ‘Un nuevo mensaje’ liburua argitaratu berri du, espirituen mundua gizarteari gerturatzeko asmoz.
Ba al dago bizitzarik heriotza eta gero? Senitartekoek lagun dezakete beste mundutik? Nola jar daiteke harremanetan haiekin? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuna emateko idatzi du Mikel Lizarralde medium, iragarle eta psikologoak (Urretxu, 1978) bere lehenengo liburua: Un nuevo mensaje (Mezu berri bat). Otsailean argitaratu zuen, eta, lan autobiografikoa ez den arren, asko du haren bizipenetatik; izan ere, liburua haren bizi esperientziaren kronika bat dela esan daiteke.
Lizarraldek haurra zenetik izan du “espirituak sentitzeko, entzuteko eta haiekin komunikatzeko” gaitasuna. “Etorkizuneko gertaerei erreferentzia” egin izan dioten espirituen “seinaleak, mezuak eta abisuak” jaso izan ditu. Espirituak, haien konpainia eta haiekiko komunikazioa “etengabekoa” izan da haren bizitzan. Hala zehaztu du urretxuarrak. Baina harreman hori ez da beti erraza izan. 10 bat urte zituela hainbat gertaera iragarri zituen, tartean familiako kide baten heriotza. Esperientzia “traumatikoa” izan zen harentzat. “Nik ez nuen ulertzen iragartzen ari nintzena; errealitate hori nik sortu nuela uste nuen”, azaldu du. Ordu hartan “errua, damua eta haserrea” bezalako sentipenak kolpatu zitzaizkion barruan, eta “gaizki” pasatu zuela oroitu du. Dohain hura “itzaltzen, ukatzen” saiatu zen gero. “Normala izaten saiatu nintzen”; baina ez zuen lortu.
Tarota ikasteko pausoa
Beldurrei aurre egin, eta espirituen mundura berriro irekitzen hasi zen geroago, tarotaren itzalean. “15-16 urterekin ikasi nuen tarota erabiltzen, jendeak hobeto onartuko ninduelakoan, eta, gauza txarren bat gertatzen bazen, tarotak sortutakoa zela sinetsi nuen, ez zela nire ardura”, kontatu du. Gaztaroan, Marilyn Rossner medium ospetsua ezagutu zuen hitzaldi batean, eta Rossnerrek berekin Kanadara joateko gonbita egin zion Lizarralderi. “Mundua ireki zitzaidan orduan”, dio. Bi urte eta erdi eman zituen Kanadan, eta mediumgintzan sakontzeko aukera izan zuen. “Zerbait handiagoa, garrantzitsuagoa” bazuelako sentipena zuen, eta horretaz ohartzeko bidea erakutsi zion Rossnerrek.
Beste munduko espirituekin harremanak izatea dohain bat da Lizarralderen ustetan. “Oso serio hartu beharrekoa da, ardura handia baitaukagu honetan aritzen garenok”. Dohaina izateaz gain, “lanketa pertsonal sakona” eskatzen du medium izateak. “Etengabe berritu beharra daukagu, gainontzeko lanbideetan egiten den bezala, edo are gehiago gure kasuan”. Etengabe berritzeko ahalegin horretan, hain zuzen, Psikologia gradua atera berri du Lizarraldek.
Liburuaren bitartez, besteak beste, “espirituen mundua egiazkoa dela” erakutsi nahi dio gizarteari. “Ez dela uste bat edo nahi bat esan nahi diet. Espirituen mundura irekitzen bazara eta zerbait eskatzen badiezu, askotan lagun zaitzaketela, eta askoz errazagoa egingo dizutela bizitza”. Lizarraldek adierazi nahi du espirituen mundua “maitasunezko mundu bat” dela, “zineman edo telebistan irudikatu dutenaz harago”.
Jakin badaki gaiak jendartean sentipen kontrajarri asko sortzen dituela; “ezjakintasun handia dago, baina beldurra ere bai”. Sarri telebistan agertzen diren “txorimaloek zirku bat” egin dutela uste du, eta horrek lanbideari “min handia” egin diola. Sinesmenetik harago, mediumek “frogak eta ebidentziak” ematen dituztela esan du. Horrez gain, gaur egun bizitzaz harago zerbait badagoela dioten ikerketa asko ere badaudela azaldu du, “fisika kuantikoan edo medikuntzaren esparruan, adibidez”. Ondorioz, beste mundu bat badagoela sinisten ez duenak edo etsi-etsian ezetz dioenak “errealitate hori ikusi nahi ez duelako” egiten duela uste du. “Zientzia amaitzen den unean espirituen mundua hasten da”.
Heriotza ere, noski, Un nuevo mensaje liburuan oso presente dagoen gai bat da. Lizarralderen ustez, “gizarteak egun daukan ikasgai handietako bat” da heriotzari aurrez aurre begiratzea eta onartzea. Gai sakon horren inguruko ezjakintasunak “beldurra” sortzen duela dio mediumak. “Jendeak ez daki zer gertatzen den, ez daki nora goazen, ez daki benetan hau ez dela hemen bukatzen eta jarraitu egiten duela”.
Sinesgaitzei esan nahi die “sanoa” dela guztia ez sinistea. “Sanoa da mesfidantza pixka bat izatea, baina, irekiz gero, sorpresa handia har dezakegu”.