San Adrianera ibilaldi gidatua egingo dute igandean Aranzadirekin
'Apirilean aire aire' egitarauaren barruko ekintza izango da, Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Morazak gidatuta. Azken urteetan elkarteak egindako aurkikuntzak azalduko ditu
Idiazabalgo Udalak Apirilean aire aire kultur eta kirol ekintzen egitaraua osatu zuen hil honetarako. Horren baitan, San Adrian Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik bisitatzeko aukera izango dute herritarrek igandean, apirilaren 18an. Alfredo Moraza historialariak gidatuko du mendi ibilaldia.
Dagoeneko 25 lagunek eman dute izena. Aldaolako parkinetik irtengo dira parte hartzaileak 09:30ean. Lizarrateko altxorrak ezagutuko dituzte, eta azken urteetan Aranzadiko arkeologoek San Adrianen egindako aurkikuntzen berri emango du Morazak. Mendizaletasuna eta ondarea uztartuko dituzte hala. Opari bat ere jasoko dute parte hartzen dutenek: San Adrian-Lizarrate; Gipuzkoako historiaren igarobidea liburua emango zaie. Oraindik izena eman dezakete interesa dutenek, liburutegian edo whatsapp bidez 943 18 71 00 zenbakian.
Koronabirusaren bilakaerarengatik eta eguraldi txarra dela eta, egitarauko hainbat ekintza atzeratzea erabaki du Udalak. Tartean, I. Idiazabalgo aire libreko pintura lehiaketa. Joan den asteburuan zen egitekoa, apirilaren 10ean, baina bertan behera geratu zen. Aurrerago zehaztuko dute data berria.
Datorren astean, berriz, martxoan atzeratutako emanaldia izango da: hilaren 23an, ostirala, Amaren intxaurrak Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna egingo da Igarondo pilotalekuan.