Aldundiko mendi eta natura politikan aldaketa eskatu dute natur taldeek
Gipuzkoako Talde Naturazaleen antolakuntzak deituta, protesta egin dute Donostian, aldundiak "bioaniztasunaren eta naturaren kontserbazioari uko" egin diola salatzeko
Hilaren 22an ospatuko den Nazioarteko Lurraren Eguna dela eta, Naturkon Gipuzkoako Talde Naturzaleen elkarteak agerraldia egin zuen atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Aldundiak “bioaniztasunari eta natur kontserbazioari uko” egin diola salatu dute, eta aldaketa bat eskatu dute alor horri dagokion zuzendaritzan. Hala, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendari arduraduna “kargutik kendu” dezala eskatu diote aldundiari, eta “natur ondarearen ustiapena eta kontserbazioa bateragarriak egiteko gaitasuna duen zuzendaritza” bat osatu dezatela.
Naturkonen ustez, aldundiak ez dio behar bezalako erantzunik eman Gipuzkoan gertatzen ari den “mendien eta erreken gehiegizko esplotazioari, horren ondorioz gertatzen den ekosistemen degradazioari eta basa espezieen galera azkarrari”. Zehatzako esanda, “paisaiaren aldaketa erradikala” gertatzen ari dela salatu dute. “Pinudietako izurritearen ondorioz baso eremu handiak ebaki dira, galera handia eraginez. Gipuzkoako basoak (hariztiak, pagadiak, artadiak, …) ia erabat desagertu direnean, basogintzako aktibitatearen inguruan gogoeta egiteko testuinguru egokia dugu, hazkunde azkarreko espezieen monokultiboan oinarritutako modelo intentsibo bat baztertu, eta bertako basoen berreskuratzea bultzatzeko. Aldiz, aldundiak eta egurgintza sektoreak ez diote debate horri heldu nahi”.
Aralarko gaia ere mintzagai izan dute natur taldeek. Aldundia “aisialdiko abeltzaintza saritzen” ari dela uste dute, “sozialki eutsi ezina den tentsio bat” sorraraziz.
Hala, Lurraren Egunaren atarian, aldundiari bere ardurak bete eta naturaren esplotazioa eta kontserbazioa uztartzeko politikak diseinatu eta aurrera eramateko eskatu dio Naturkonek. Bide horri ekiteko proposamenak egin dituztela, eta zentzu horretan elkarlanerako borondatea dutela berretsi dute.