"Pertsonen menpekotasunarekin eta osasunarekin negozioa egiteari ez" esan diote pentsiodunek
COVID-19aren pandemiaren kudeaketaren aurrean haserrea erakutsi dute pentsiodunek. Osakidetzako buruei zuzendutako gutuna entregatu dute Ordiziako osasun zentroan, asteroko elkarretaratzearen ondoren.
Astelehenero moduan, elkarretaratzea egin dute pentsio duinen alde, Goierriko Pentsiodunek deituta, Ordiziako Plaza Nagusian. Gaurkoan baina, ohiko aldarriez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduaren deialdiarekin bat, eginez kalitatezko osasun publiko bat ere exijitu dute, bai kalean, bai Osakidetzako arduradunei ere. Hala, plazan elkarretaratzea egin eta segidan, Ordiziako Osasun Zentrora abiatu dira manifestazioan, bertan, gutun bat entregatzeko. Gutun horretan, pandemiak osasun zerbitzuan izan dituen eraginek direla eta, haserrea erakutsi dute, eta hala helarazi diote Osakidetzako zuzendaritzari: “Ikusi dugu, pandemia, nagusiokin saiatu dela bereziki, ondorioz, dagoeneko milaka ez daude gure artean. Ikusi dugu nola murriztu zaizkigun zerbitzuak, besteak beste, Osakidetzan, aurrez aurreko kontsultetan; txertoa hartzeko txandak mezuz bidaltzen zaizkigu, nahiz eta asko garen, teknologia berriekin nahiko jakinduriarik ez dugunak. Garbi utzi nahi dugu, Osakidetzako langileek horrekin zer ikusirik ez dutela, aldiz, eskerrak eman nahi dizkiegu egin behar izan duten eta egiten jarraitzen duten ahaleginagatik, nahiz eta pertsonalik ez izan”.
COVID-19aren aurkako txertaketarekin”kezkatuta” daudela adierazi diote Osakidetzako zuzendari, gutunean, ez dakitelako oraindik noiz jarriko dieten txertoa.
Gainera, uste dute, “akats ugari” izan direla Europako Batasunaren Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren COVID-19aren pandemiaren kudeaketan: “Berandu aitortu dute miaketa politika eraginkor bat bertan behera utzi dutela; banakako jokabideak izan dituzte ikuspegi nagusi bezala, eta ahaztu egin dituzte ekoizpen eta garraio jarduerak; ez dute gomendiorik egin espazio itxietan eta garraioan aireztatzeari buruz, ezta espazio horietan airea garbitzeko dauden aparatuen inguruan ere, nahiz eta frogatu den, espazio itxietan gertatzen direla kutsatze gehien”. Horrek guztiak, pandemia hau eteteko soluzio bakarraren aurrean uzten gaitu, txertoa jartzea, eta arazoa da, txertaketa ez doala behar den bezain azkar”.
Txertoa, gainera, “diru publikoaren injekzio itzelarekin” egin dela, baina ez dela eragotzi “multinazional farmazeutikoak diru iturri izatea txertoa, oso gardenak ez diren kontratuen bidez eta gehiegizko prezioarekin merkaturatuz, ondasun komun unibertsal bat izan beharko litzatekeenean”.. Garbi dute, farmazia enpresen jardunbideen ondorio dela txerto eskasia, horien helburu bakarra dela “mozkinak neurriz kanpo handitzea”. Gainera, ez dute ondo ikusten, “Europako Batzordeak eta Gobernuak, enpresa horien aginduetara egotea, osasun publikoa, onura pribatuaren aurretik jartzea ahalbidetzen duen legea aplikatzeari uko eginez, patenteak bertan behera utziz eta txertaketa eraginkorra eta azkarra bermatu gabe”. Erabaki horiek, “kaosa, sufrimendua, saihestu daitezkeen heriotzak ekarri ditu, besteak beste”.
Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa erritmoa “oso motela” dela diote, eta uste dute, hori ez dela txerto eskasiagatik bakarrik. “Gainontzeko erkidegoen aldean, hemen ipini diren txertoen kopurua baxuenetakoa da, halaber, Osakidetzako langile kopurua handitzeari uko sistematikoa egin zaio, pandemiari aurre egiteko oso eskasa eta prekarioa dena”.
Horregatik guztiagatik, “nahikoa da!” adierazi dute pentsiodunek, “menpekotasunarekin eta osasunarekin negozioa egiteari ez!”.
Jarraian, gaurko elkarretaratzearen eta manifestazioaren argazkiak: