Lazkao Txiki gogoan eta bihotzean
Lazkaotarrek maitasun handiz gogoratzen dute Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki bertsolaria. Lazkaomendiko Abaline jaiotetxera bisita gidatuak eta Zelaiako ekitaldia egin dituzte asteburuan.
Goierriko eta Euskal Herriko bertsolari maitatuenetako bat izan zen Joxemiel Iztueta Lazkao Txiki (1926-1993). Oraindik ere, gaurkotasun handia dute Lazkao Txikiren esanek eta ateraldiek eta maitasun horren lekuko, asteburuan Lazkao Txiki gogoratzeko egin diren ekitaldiak izan dira.
Larunbatean, Maizpideko ikasleak eta irakasleak, Lazkaomendira oinez igo eta Lazkao Txikiren jaiotetxean, Abalinen, barneratu ziren bertsolariaren iloben eta iloba txikien gidaritzapean. Ilusio, goxotasun eta maitasun bereziz egokitu eta txukundu dute bertsolariaren jaiotetxea. Konfinamendu garai honetan gainera, baserriko ganbara eta baserriko tresnak txukundu dituzte; tartean, Lazkao Txikik erabiltzen zuen motorra.
Egunsentiaren bertsoak
Lazkao Txikiren gelak zirrara berezia sortzen du, besteak beste, bertsoak eskaini zizkion sehaska bertan dagoelako. Baita bertsolariaren garaikurrak, txapelak, liburuak, objektuak, arropak, Korrikako petoa, grabagailua, agendak…. Logelako leihotik egunsentia ikusten zuen Lazkao Txikik eta egunsentiari idatzitako bertsoak abestuz Lazkao Txikirekin batera amaitu zuten Maizpidekoek bisita.
Igandean, ekitaldia Zelaian
Bestalde, Lazkaoko Zelaian, Lazkao Txiki musika eskolak, Oin Arin dantza taldeak, Gerrikok eta udalak elkarlanean antolatutako ekitaldia egin zuten igandean. Joxepa Madariagak aurkezpenean esan zuenez, igandeko ekitaldia arnasbidea izan zen: ««Zuk ez zenuen pandemia hau ezagutu Joxe Migel, baina jakin ezazu kultur ekintza hau txertoa izango dela guretzat».













