Espetxe politika aldatzeko eskatuko dute maiatzaren 8an 26 mendi tontorretan
Mendi igoera bateratua antolatu du euskal preso, iheslari eta deportatuen Sare herritarrak. Urriaren 3an zen egitekoa, baina eguraldi txarragatik atzeratu zuten. Aurrez izena eman behar da
Maiatzaren 8an Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deia egin du euskal preso, iheslari eta deportatuen Sare herritarrak, Izan Bidea dinamikaren barruan. Urruntze politikarekin amaitzeko eskatuko dute mendietatik. Goierrin, 19 herritatik aterata, 26 mendi tontorretatik egingo dute aldarrikapena. Aurrez izena eman behar da Sareren webgunean. Urriaren 3an zen egitekoa, baina eguraldi txarragatik atzeratu zuten. 3.127.326 kilometro batuko ditu Izan Bidea dinamikak, bat euskal herritar bakoitzeko. Dagoeneko milioi inguru kilometro egin dituzte ekintza ezberdinetan parte hartu duten herritarrek, eta maiatzaren 8an gehiago gehituko dituzte ondo bidean. 11:30ean tontorretan argazkia aterako dute.
Ataundik, Agautza eta Sastarrira igoko dira. 08:30ean San Martingo plazatik aterata eta 10:00etan Urkillagatik. Lazkaon bi aukera izango dira: Arastortzara 09:00etan, plazatik, eta Esparrura 9:30ean. Legazpitik Korostira joango dira, 10:00etan Euskal Herria plazatik irtenda. Beasainen 09:00etan geratuko dira tren geltokian, eta 09:30ean Matxinbentan, Usurbera eta Txarabeltza igotzeko. Zerainen, 10:00etan Urrustitik Oamendira. Txurruko puntara Zegamako plazatik, 09:00etan. Zaldibian Ausa Gaztelura igoko dira, 09:00etan plazatik eta 10:00etan Olakosaitik. Unamendira, berriz, Segurako plazatik 10:00etan aterata.
Zumarragan ere bi mendi izango dira aukeran: Belokira Trintxeratik aterata, eta Oletara Agiñatik, 10:30ean biak. Ormaiztegin Mendizabalera, 10:30ean plazatik abiatuta. Mutiloan Aizalekura, 08:30ean plazatik eta 10:00etan Aztiriatik. Murgilera ere igoko dira, Gabiriako plazatik 10:30ean irtenda. Ordiziako plazuelatik, 08:30ean, Murumendira. Urretxutik Irimora, Potrosetik 10:00etan aterata. Idiazabalgo plazatik, 09:30ean, Atxurbira. Ezkiotik Izazpira igoko dira, frontoitik 09:00etan. Itsasoko plazatik 10:00etan Kizkitzara. Legorretatik Intxurrera, 09:00etan plazatik oinez eta 09:30ean autoz abiatuta. Eta Itsasondoko plazatik Murumendira, 08:30ean.
Aizkorri, Aitxuri eta Arbelaitzen ere eskatuko dute espetxe politikaren aldaketa. Ibilaldi hori San Adrianen hasiko da, 09:00etan, herririk zehaztu gabe, deialdia Goierri mailan egin delako.