Larunbatean egingo dute aurtengo udaberriko auzolana Itsason
Zortzi zeregin aurreikusi eta zerrendatu dituzte aurtengo udaberriko auzolanerako, taldean egiteko.
Itsasoko herritarrek urtero bi auzolan egin ohi dituzte: udazkenean eta udaberrian. Azkenekoa urrian izan zen eta, besteak beste, Altzigarragako iturria txukundu eta anfibioak babesteko neurriak hartu zituzten. Udaberrikoa larunbatean izango da, apirilaren 24an. Apirilaren 10ean egitea aurreikusita zuen Itsasoko Batzordeak, baina koronabirusak eragindako egoera dela eta atzeratzea erabaki zuten. Herri batzarrean herritarrek proposatutako hainbat jarduera burutuko dituzte herriko eremu desberdinetan.
Zortzi zeregin aurreikusi eta zerrendatu dituzte aurtengo udaberriko auzolanerako, taldean egiteko. Batetik, Natura Ondarea 2020 programarekin jarraituta, panelak jarriko dituzte Itsason, Kizkitzan eta Alegian. Bestetik, lorategiak txukundu eta berrituko dituzte Alegian zein Itsason, eta eremu horietan ere, jarlekuak jarri eta barnizatuko dituzte. Desbrozatze lanak ere egingo dituzte, Itsasoko kaskoan, Alegian eta San Lorentzon.
Gainera, udaletxeko leiho batzuen barra lodiak margotuko dituzte. San Lorentzon eroritako haritza kendu eta egurra egingo dute, eta bertako itoginak konponduko dituzte. Zuntz optikoaren parea errepasatzea eta garbi uztea izango da beste zereginetako bat. Azkenik, artxiboa udaletxean kokatuko dute.