«Oso pozik nago Espaniako txapelketako lanarekin»
Iban Azarola (Zumarraga, 1998) kirolariak Espainiako duatloi txapelketa irabazi du, 20-24 urtekoen mailan. Azarola Gasteizko La Blanca taldeko kidea da eta bere hurrengo erronka Elite mailan lehiatzea da.
Nola joan dira azkeneko urte hauek?
Egunak ondo antolatzea oso garrantzitsua da, kirola ikasketekin uztartzen baitut. Azken urtebete honetan beti bezala entrenatu dut, baina pandemiak lehiaketa kopuruan eragina izan du, noski. 2020ko urte hasieran hiruzpalau proba izan genituen eta ondoren konfinamendua heldu zen. Nire kirol mailak gora egin zuela zirudien eta pena handia hartu nuen.
Aurtengo denboraldia nola doa?
Lehenengo proba apirilaren 11ko Espainiako txapelketa izan zen.
Geldialdiak ez dizula kalte egin dirudi.
Geldirik egon beharrak inoiz baino gogo gehiagorekin hastea ekarri du.
Gogoa denek izango zenuten, baina emaitza onak gutxi batzuek bakarrik lortu dituzue.
Oso pozik nago Espainiako txapelketan egindako lanarekin, ondo entrenatu dudala esan nahi baitu.
Espainiako txapelketa irabaztea ez dago edonoren esku.
Nire adin tartean lehenengoa egin nuen eta adin tarte guztiak kontuan hartuta, bigarren postuan sailkatu nintzen. Oso emaitza ona da.
Zein da hurrengo erronka?
Datorren urtean, adin tarteen lehiaketan parte hartu beharrean, elite mailan parte hartu nahi dut. Azkeneko saltoa da. Bai nik eta bai entrenatzaileak dagoeneko horretarako maila dudala uste dugu. Espainiako txapelketako elite mailan parte hartzeko beste proba batzuetan parte hartu behar da eta horietan postu onak lortu behar dira. Adin tarteen lehiaketan, berriz, edonork parte har dezake.
Zeintzuk dira hurrengo probak?
Aste honetan Oñatiko duatloian parte hartuko dut eta maiatzean Murgiakoan. Ondoren beste proba batzuk daude, baina ez dago jakiterik aurrera aterako diren. Izan ere, aurtengo egoera ere berezia da eta zenbat proba bertan behera geldituko dira.
Triatloietan ez al duzu parte hartu behar?
Lehenengoa Hondarribian izan beharko litzateke, maiatza hasieran.
Oso gogorra izango da gogor entrenatzea, probak aurrera aterako diren jakin gabe.
Hala da. Proba zehatz batzuei begira entrenatzen dugu eta bertan behera gelditzen badira, berriro dena antolatu beharra dugu, berriro hutsetik hasi beharra dugu.
Epe luzeko helbururik jarri al diozu zure buruari?
Ez. Epe motzeko helburuak gustatzen zaizkit. Pixkanaka nire maila hobetu nahi dut eta gero gerokoak.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua egiten ari zara Gasteizen. Zer moduz?
Aurten hirugarren urtea dut. Datorren urtean bukatuko dut, beraz. Gustura nabil. Aurten orain arte baino ikasgai politagoak ditugu. Errendimendura bideratutako ikasgaiak ematen ari gara. Orain arte historia, estatistika eta halakoak eman ditugu. Horiek ez zaizkit horrenbeste gustatzen.
Zertan lan egin nahi duzu?
Ikasketak hasi nituenean irakaskuntza nuen buruan, baina iritziz aldatu dut. Prestatzailea izan nahi dut.