Udalbatzaren izenean eskatu dio Zaldibiak Osasun Sailari informazioa
Lehengo ostegunean egindako presazko udalbatzar berezian, EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozio bat onartu zen, EAJren abstentzioarekin.
COVID-19 izurriak Zaldibiak azken asteetan izan duen oldarraldiaren eraginak ez dira itzali. Lehengo ostegunean egindako presazko udalbatzar berezian, EH Bildu udal taldeak aurkeztutako mozio bat onartu zen, EAJren abstentzioarekin. Bost eskakizunen artean, zera eskatuko dio berriro Zaldibiako herriak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, oraingoan Udalbatzaren izenean: «Osasun Sailak erantzun ez dizkion eskaerak berriro egingo ditu Zaldibiako Udalak udalbatza honen izenean, hala nola, herriko egoerari buruzko informazio eguneratua jasotzea eta datozen egunetan Osasun Sailak Zaldibiako egoerari begira duen estrategia zehazteko eskatuko dizkio».
Gaitzaren eragina jasan dutenei babesa, «elkarbizitza eta herritarren elkarrekiko babesa elikatzeko» konpromisoa, kutsatze-katea eteteko elkarlan eskaria, eta esker mezua ere jasotzen ditu onartutako mozioak.
EAJk bere mozioa eraman zuen, baina azken unean erretiratu zuten, eta ez zen bozkatu. Herrian azken egunetan gertaturiko zenbait gertakari salatzen zituen EAJk idatzian. Apirilaren 7an, udal ordezkari baten etxe atarira norbaitzuek arrautzak bota zituztela jakinarazi dute; egun berean, Lardizabal eskolara sartu eta eskola-materiala frontoian barreiatu zuten. Azkenik, 10eko gauean, plazan musika eta petardo, zenbait festan ibili zela deitoratu dute.
Bizikidetzarako «errespetua, tolerantzia eta errespetua» eskatu ditu alderdi jeltzaleak, gertakariak «umekeria ala motibazio politikodunak» izan.
Presoekiko adierazpena
Udalbatzarreko hirugarren eta azkeneko puntua Euskaldunako Adierazpena onartzea zen. Aho batez babestu dute euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena, EH Bilduko 6 zinegotzien eta EAJko 3en aldeko botoekin.
Azken aldiko aurreko osoko bilkurak bezalaxe, telematikoki egin zuten lehengo osteguneko batzarra ere.