Borroka sindikal feminista babestu dute
Elkarretaratzea egin dute LABeko egoitzaren aurrean, asteartean Nafarroan atxilotutako kideei babesa adierazteko eta polizia operazioa gaitzesteko
Elkarretaratzea egin dute LABeko egoitzaren atarian, “borroka sindikal feminista aurrera” lemapean. Asteartean jazotako polizia operazioa gaitzetsi dute eta sei atxilotuei batasuna adierazi diete.
Martxoaren 8an CEN patronalaren egoitzan egindako protesta batean parte hartzea eta apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batera igotzea eta errepidea oztopatzea egotzi zieten atxilotuei. Protestak garbiketaren sektorearen gatazkaren testuinguruan kokatu behar dira. Lan baldintza duinagoen eta sexu arrakalaren aldarrikapenak protagonismo berezia izan zuten gatazkan.
LABen esanetan, “ez da kasualitatea borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean erreakzioa gogorra, bortitza eta muturrekoa izatea”. Atxiloketak patronalaren mezu bat izan direla diote. “Ezarritako ordena zalantzan jartzen ari gara, eta garesti ordainduko dugula adierazi digute. Kapitalak ezin du jasan lan baldintza eta bizitza duinak eskuratzeko gure determinazioa; bere tresna guztiak jartzen ari da gure ildoa eragozteko”. “Alferrik ari zarete”, erantzun diete, “ez baitugu atzerapausorik emango, ez dugu aldarrikapen bat bera ere alde batera utziko, ez da kide bat ere geratuko bide ertzean; denak batera eta inoiz baino indar handiagoz borrokatzen jarraituko dugu”.