Antzuolatik Legazpira heldu da Kutxabira
Diasporatik abiatu eta Euskal Herri osoa zeharkatu duen kutxa gaur heldu da Legazpira, «euskaragatik, euskararekin, euskararentzat eta euskaraz» bizi nahi dutelako legazpiarrek ere
Kutxabira Goierriko herrietan barrena ibili da asteburu honetan. Idiazabal, Zerain eta Urretxu-Zumarragatik igaro ondoren, antzuolarrek gaur pasa diete kutxa legazpiarrei, eta Legazpitik Aretxabaletara joango da bihar. Kilometro ugariko ibilbidea egin ondoren, maiatzaren 30ean Segurara joango da berriro ere ekimen honi amaiera emateko asmoz.
Herriz herri bertakoen ametsak, aldarrikapenak zein desioak biltzen joan den zurezko kutxa honek gordetzen duen mezua irakurri dute lehenbizi, Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezua. Legazpiarrek ere «zer eskatua, zer esana edo zer eskertua» ere badutela adierazi dute, eta hori dela eta haiek idatzitako mezua ere irakurri dute herritarren aurrean.
Kutxari egin beharreko harrera honetan, musika eta txaloz bete dute Legazpiko Agirre-Etxeberri parkea. Herriko bi abeslari ibili dira arratsaldeari doinua jartzen, alde batetik Mikele Arizkorreta, Ken Zazpi taldeak abestu eta Euskal Herriratu berri den Sarriren hitzak daramatzan Hemen gaude kanta abestu duena, eta bestetik Malen Urbegain, Joxerra Garziaren hitzak daramatzan Txomin Artolaren Aberriaren Mugak abestia eskaini duena.
Ekitaldia amaitzeko Doinua musika eskolako trikitilari eta panderojoleak aritu dira giroa alaitzen. Antolatzaileek adierazi duten moduan, «ez da sasoirik onena horrelako ekitaldi bat antolatzeko», baina Euskal Herri osoa zeharkatu duen kutxa gaur zen Legazpira iristekoa eta ezin izan dute eguna aldatu: «Antolatzaileok hilabeteak daramatzagu ekitaldi hau antolatzen, eta elkarte mordoxka bat ere parte hartzeko prest zegoen. Hortaz, aurrera egitea erabaki dugu prebentzio neurri guztiak hartuta».