Lorez jantzi dute Gernikako arbola plaza
Pasa den urtean bertan behera geratu zen arren, gogotsu hartu dute urretxuko herritarrek aurtengo lore azoka
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, guztien modura etxean konfinatuta egon beharra izan zuten goierritarrek iazko apirilean, eta Urretxuko Udalak urteko sasoi honetan antolatutako lore azoka bertan behera geratu zen, gainontzeko ekitaldien antzera.
Aurten egoerak hobera egin duen arren, lore saltzaileak kezkatuta zeuden Urretxun ezarrita dagoen itxiera perimetrala dela eta. Hala ere, azoka jendetsua izan da gaurkoa. Zazpi postu egon dira guztira, eta horietatik bi goierritarrek jarria: Zaldibiako Azanza mintegiak eta Aramako Urretabizkaia mintegiak.
Urretxuko lore eta landare azokaren 15. edizioa izan da gaurkoa, eta Maria Dolores Mendizabal lore saltzaileak kontatu duenaren arabera, bera azoka hasi zutenetik ibili izan da bertan: «Urtero deitzen digute azokara loreak saltzera etortzeko, eta oso gustura etortzen gara. Gauzak dauden bezala egonda, ez genuen espero horrenbeste jende etorriko zenik, baina azoka arrakastatsua izan da eta salmentak oso ongi joan».
Gaurko azokaz gain, ekainaren 14tik 25era Urretxuko eta Zumarragako udalek lore sariketa egingo dute.