Porrot mingarria Ampo Ordiziarentzat
57-21 galdu du Ampo Ordiziak Kataluniako lurretan Barça Rugbiren aurka
Ligako azken partida zuen gaur Ampo Ordiziak, oso partida garrantzitsua Ordizia Rugby Elkarteak adierazi zuenaren arabera, bigarren faseko hirugarren postua lortu ahal izateko. Gauzak, ordea, ez dira pentsatu bezala atera.
Marotiasen mutilak F.C. Bartzelonaren aurka aritu dira La Teixonerako zelaian, eta hasiera batean ondo zihoazen arren, 57-21 emaitzarekin itxi du partida epaileak. Entrenatzaileak aitortu du gaurkoa porrot handia izan dela taldearentzat, eta oso minduta daudela gaurko emaitzarekin: «Min handia egin digu batez ere minutu askotan zehar partida borobil eta gogor bat egiten aritu garelako, baina momentu batean besoak jaitsi ditugu eta gu garen horri izateari utzi diogu».
Ampo Ordiziakoak begi-ilun itzuliko dira Altamirara, baina Marotiasek argi utzi du beraien esku dagoen guztia egiten saiatuko direla egoerari buelta emateko: «Barkamena eskatu nahi diegu zaletu guztiei, hau ez baita guk proiektatu nahi dugun irudia, hau ez da izan nahi dugun Ordizia. Zin egiten dizuegu lan asko egingo dugu eta play-offak iristen direnean zeuen laguntzarekin gure helburuak lortzen saiatuko garela».