Vita Heinek irabazi du I. Igartza Sari Nagusia
400 txirrindularitik gora atera dira gaur Beasainen jokatutako emakumezkoen Espainiako kopan. Kadeteetan Oneka Sanchez izan da lehenengo herritarra
Gaur goizean jokatu dute Beasaingo Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatutako I. Igartza Saria, Espainiako Txirrindularitza Federazioaren egutegiari dagokiona. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, 400 txirrindulari baino gehiagok hartu dute parte gaurkoan emakumezkoen Espainiako kopan.
09:00etan eman diote hasiera gaurko egunari kadeteen lasterketarekin. 33,5 kilometro egin ondoren, 10:00ak aldera heldu dira helmugara lehenengoak. Lehenengo postuan Hyundai Koryo Car taldeko Daniela Grañana kokatu da, bigarrengoan Alejandra Puente, lehenengoaren talde berekoa, eta hirugarrengoan, berriz, Izaro Oliveira, Seguros Bilbao-Miribilla taldekoa. Lehenengo herritarra helmugara heltzen Oneka Sanchez izan da, Zu-K Limousin taldekoa.
10:30etan junior mailakoen proba jarri da martxan, 57 kilometroko lasterketarekin. Gaztetxoez gain, 30, 40, 50 eta 60 masterrak ere izan dira bertan. Junior kategorian Laia Puigdefabregas izan da lehenengoa helmugara iristen, Nafarroa Ermitagaña taldekoa. Bigarren postuan Lucia Ruiz kokatu da, Rio Miera-Meruelo-Cantabria taldekoa, eta hirugarren postuan Ilona Feytou, Le Boulou taldekoa.
Azkenik, 12:30etan, Elite eta 23 urtez azpikoen lasterketa jokatu dute. 80,5 kilometroko proba izan da hauena eta 14:30ak aldera heldu dira txalo artean Beasainen kokatuta zegoen helmugara. 23 urtez azpikoen mailan, Laboral Kutxa taldeko Idoia Eraso izan da Espainiako kopako lehen liderra, gaurko proban laugarren postua lortu eta gero. Bigarren postua Isabel Martinentzat izan da, Rio-Miera-Cantabria taldekoa eta hirugarrena Sopela Women’s taldeko Sofia Rodriguezentzat.
Elite mailan, lasterketako lehen txirrindularia eta mendiko probako irabazlea, Massi-Tactic Women taldeko Vita Heine izan da. Bigarren postuan eta tartekako helmugen sariarekin Tereza Neumavona geratu da, Women’s Cycling taldekoa, eta hirugarrengoan, berriz, Alessia Bulleri, Einecat-Rbh Global taldekoa.