Manifestazio handia egin nahi dute hilabete barru
Pentsionistek lurralde mailako manifestazioa egin nahi dute maiatzaren 29an, Donostian. Horduko osasun egoerak eta indarrean egongo diren neurriek ez badute halakorik uzten, Ordizian elkartuko dira
Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak lurralde mailako manifestazioak egin nahi ditu maiatzako azken asteburuan. Gipuzkoari dagokionez, Donostiako bulebarrean nahiko lukete elkartu. Halere, hilabete barru izango den osasun egoera eta indarrean egongo diren neurriak zeintzuk izango diren ez dagoenez jakiterik, Ordizian elkartzeko aukera ez dute baztertu.
Edozein kasutan, herritarrei manifestaziora agertzeko eskatu diete. Toledoko Itunaren aurka mobilizatuko dira. Itunak pentsioak murriztuko dituela diote pentsiodunek, eta pentsio pribatuen aldeko joera nabaria duela.