Umiliatuta sentitzen dira
Pentsionistek Beasaingo zazpi banketxeri "tratu bidezkoagoa eta gizatiarragoa" eskatu diete. Eskaria estatuko finantza-sistema arautzen duten organoei ere luzatu diete, "monopolio-egoera honekin amaitzeko"
Pentsionistek banketxeetako arduradunei “tratu bidezkoagoa eta gizatiarragoa” eskatu diete. Umilatuta sentitzen direla azpimarratu dute. “Adineko pertsonek ezin dute ilara egin kaleetan zutik, hotza, beroa edo euria pasatuz, bankuen aurrean; adineko askorentzat zaila da kutxazainera, aurretiko hitzordura eta gainerako zerbitzu telematikoetara sartzea; arreta presentziala eta pertsonalizatua behar dugu; sukurtsal eta langile gehiago behar ditugu”, dio banketxeetara helarazitako gutunak.
Asteleheneroko elkarretaratzearen ondoren manifestazioan Beasaingo zazpi sukurtsal bisitatu dituzte: Santander, BBVA, Rural Kutxa, Laboral Kutxa, CaixaBank, Kutxabank eta Sabadell. Bakoitzean euren egoera azaltzen duen eta konponbideak eskatzen dituen eskutitz bana utzi dute. Bost eskari dituzte: 65 urtetik gorakoentzako leihatilla esklusibo bat sukurtsal guztietan; komisiorik gabeko txartelak; komisioak 2015eko mailara jaistea; zerbitzu presentziala bermatzea; eta udalek banketxeei presio egin diezaiela jardunbide egokiak berreskuratzeko. Karta talde politikoei, sindikatuei eta BBKren Fundazioaren organoetako udal ordezkariei ere helarazi diete. Estatuko finantza-sistema arautzen duten Ekonomia Ministerioari eta EAEko eta Nafarroako gobernuei ere bai. Gainera, azken hauei “monopolio-egoera honekin amaitzeko eta finantza-zerbitzuen erabiltzaileek pairatzen duten umilazioarekin bukatzeko” ere eskatu diete.
“Aurrezki-kutxen likidazioak kasu batzuetan eta banku pribatuak bihurtzeak beste batzuetan, kalte handia eragin dute herritarren arretan eta kredituaren eta aurrezkiaren sozializazioan. Egoera horri gehitu behar zaizkio azken urteotan administrazio-prozesuaren informatizazioa eta digitalizazioa. Eta, azkenik, Covidaren aurkako neurriak. Horrek guztiak banku-bulegoak eta langileak nabarmen murrizteko balio izan die, bai eta jendeari zerbitzua emateko ordutegiak murrizteko ere. Udalerri txiki askotan sukurtsala betiko itxi dute, besterik gabe”, azaldu dute. Datu batzuk eman dituzte: 2008ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sukurtsalak ia erdira murriztu ziren; galera bizkortu egin zen iaz, pandemiaren aitzakian. Espainiar estatuan Santanderren, BBVAren, CaixaBanken, Sabadellen eta Bankiaren artean 1.728 pertsona kaleratu zituzten eta ia 800 bulego itxi. Irabaziak halere, aurreko urteetakoak baino handiagoak izan zituzten: banku handienen mozkinak 6.000 milioi eurokoak baino handiagoak izan ziren; Kutxabankek 526 milioi lortu zituen, 2019an baino 35 milioi gehiago.