Larriki gaixo dauden presoen egoera hizpide, gaur, Barrenan
Ordiziako Etxerat eta Sare taldeek antolatuta, gaixo dauden presoen egoera lantzen ari dira hil honetan. Gaur preso ohi baten eta abokatu baten testigantzak entzun ahal izango dira, besteak beste, Barrenan.
Larriki gaixo dauden presoen gaia jorratzen ari dira hilabete honetan Ordiziako Etxerat eta Sare. Apirilaren 7an, Osasunaren Nazioarteko Egunean, elkarretatzea egin zuten gaixo egonik, egoera larrian dauden presoen alde eta haien etxeratzea eskatzeko.
Gai horren harira, beste ekitaldi bat egingo dute gaur, Antxon Garcia del Molino gaixo dagoen preso ohiak, Patricia Velez Etxerateko bozeramaileak eta Txema Matanzas, larriki gaixo dagoen Mikel Otegi preso itsasondoarraren abokatuak. Moderatzaile lanak, Agurtzane Sarasolak egingo ditu.
Hitzaldia Ordiziako Barrena Kultur Etxean egingo dute, gaur, 18:00etan. Hori bai, parte hartu nahi dutenek, izena eman beharko dute, Ordiziako Herriko tabernan edo 632 099 645 telefonora deituta.
Bestalde, datorren ostiralean, apirilaren 30erako elkarretaratzea deitu dute, Osasun eskubidearen alde, larriki gaixo dauden presoak etxera lemapean. Ordiziako Plaza Nagusian izango da, 20:00etan.