'Bideak' dokumentala aurkeztuko du Aritz Ganboak ostiralean
Artzaintza, gaztagintza eta mendi lasterketak uztartzen ditu Bideak dokumentalak. Saiora joateko, gonbidapena lortu behar da aurrez.
Ostiralean, apirilak 30, Bideak dokumentala emango dute Idiazabalgo Guraso Elkarteko aretoan. Aritz Ganboa artzaina izango da bertan dokumentala aurkezten, eta bi emanaldi izango dira: 17:00etan eta 19:00etan. Emanaldian parte hartzeko beharrezkoa da gonbitea eskuratzea, 662 427 403 telefono zenbakian edo liburutegian, 10:30etik 12:30era edo 16:30etik 19:30era.
Nafarroako bi herritan, Arruazu Sakanan (Aitaren partetik) eta Izaba Erronkarin (Amaren partetik) jatorria duen artzaina da Aritz Ganboa. Ofizio duen artzaintza eta afizio dituen mendi lasterketak uztartuz, erronka berezi bati helduko dio. Arruazun gazta bat egin, eta etapa bakarrean iritsiko da Pirinioetaraino, bertan, Erronkariko gaztagile batekin elkartzeko.