Datorren asteazkenean egingo dute Idiazabal gazta berriaren mozketa ekitaldia
Osasun krisiagatik bertan behera geratu zen ekitaldia eta gaur bertan, data berria jakinarazi du Udalak. Oiangu parkean egingo dute, publikorik gabe.
Osasun krisiagatik bertan behera geratu zen XXVII. Idiazabal gazta berriaren aurkezpena eta mozketa ekitaldia, eta gaur bertan, Ordiziako Udalak jakinarazi du, datorren asteazkenean, maiatzak 5, egingo dutela. Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Oiangu parkean. Aurtengoan, sukaldaritza tradizionala sustatzen duen Jakitea Elkarteak moztuko du gazta berria. Bestalde, ez da ohiko omenaldirik egingo, baina hamazazpi urteko jardunaren ondoren Idiazabal Jatorri Izendapenaren lehendakaritza utzi duen Joxe Mari Ustarrozi aitortza ekitaldi xume bat egingo zaio, Ordiziako Udalaren eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiaren aldetik.
Erregulartasun sariei dagokienez, aurretik ere jakina zen moduan, Artzain ekoizle saritua, Ander Barandiaran Mujika (Gaztañaditxulo, Idiazabal) izango da. Eta gaztandegi saritua, Idiazabalgo Goiburu Gaztandegia izango da.
Ekitaldian edukiera mugatua izango da, gonbidatu eta komunikabide gutxietara bideratuko da.