Energia komunitatearen bulegoa bihar irekiko dute Zumarragan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalen laguntzarekin, energia komunitateen sorrera ere bultzatu behar du. Zumarragako Udalak egitasmo honi ere babesa eman dio. Herriko hainbat tokitan plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte eta horiek sortzen duten energia komunitateetan izena ematen duten etxeetara eta dendetara helduko da. Lehen komunitatea aurten bertan osatzea espero dute. Kasu honetan herritarrek egin beharreko inbertsioa askoz ere txikiagoa da eta nahi dutenean utzi dezakete komunitatea.
Zumarragako Udalak informazio bulego bat ireki behar du Izazpi auzoko 1ean (ospitalera bidean, farmaziaren ondoan). Bulegoa bihar bertan irekiko dute. Astelehenetik ostiralera irekiko da, goizez, 10:30etik 13:30era, hain zuzen ere.
Alkatearen hitzak
Bulegoa atzo eguerdian aurkeztu zuen Mikel Serrano alkateak. «Lokal honi esker, herritarrek informazioa eskuragarriago izango dute. Dagoeneko 80 bat bizilagunek eskatu dute informazioa. Gainera, BiTartean merkatari elkartearekin lan egiten ari gara, merkatariek ere egitasmo honetan parte har dezaten. Herritarrek argindarrarengatik gutxiago ordaintzeko eta iraultza energetikoan parte hartzeko aukera edukiko dute. Komunitatearen estatutuak ostegun honetako osoko bilkuran onartuko ditugu».